Doako autobusa jarriko dute Jordi Savallen kontzertura joateko

Mireia Galarza Bastida 2023ko urriaren 30a

Emanaldian, musikari kataluniarrak Le Concert Des Nations orkestra izango du lagun, eta bertan Los elementos y las furias proiektua aurkeztuko dute Kursaaleko oholtza gainean. 19:30ean hasiko da kontzertua. 

Jordi Savallek azaroaren 14an Kursaalen eskainiko duen kontzertura doako autobusean joateko aukera izango dute Urola Kostako herritarrek. Getariatik, Oriotik, Zumaiatik eta Zarauztik eskainiko dute zerbitzua, eta interesa dutenek azaroaren 8a baino lehen erreserbatu beharko dute eserlekua. Horretarako, sarrera erosita izan beharko dute aurrez eta Kursaaleko webgunean egin dezakete. Autobuserako erreserbak, berriz, tokian tokiko udalen bitartez egin beharko dituzte haiek ahalbidetutako helbide elektronikoetara edo telefono zenbakietara deituta:

Emanaldian, musikari kataluniarrak Le Concert Des Nations orkestra izango du lagun, eta bertan Los elementos y las furias proiektua aurkeztuko dute Kursaaleko oholtza gainean. 19:30ean hasiko da kontzertua eta doako autobusa 18:10ean abiatuko da Zumaiako zineko autobus geltokitik. Getariako autobus geltokira 18:20 aldera iritsiko da. Zarauzko Sanz Eneako geltokira 18:30ean hartuko beharko dute autobusa, eta 18:40an, berriz, Orioko autobus geltokira iritsiko da. 

Zerbitzua antolatu duen Kursaalak zehaztu du, dena den, eskaintza bertan behera utziko duela 15 pertsonako taldea osatzen ez bada, gutxienez. Horrez gain, jakinarazi du langabetuek eta 30 urtetik beherako gazteek sarrerak hiru euroan eskuratu ahal izango dituztela, autobusarekin bezalaxe, erreserba eginda. Emanaldiaren egunean bertan jasoko lukete sarrera Kursaaleko leihatilan eta libre geratu diren eserlekuen araberakoa izango da kokapena. Autobusa bertan behera geratuz gero, dirua itzuliko diete azken horiei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide