Landan Ekin izeneko egitasmo berria sortu du Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak, beste hainbat eragilerekin batera. Egitasmoaren helburua da landa ingurunearen dibertsifikazioan eta enplegu sorreran sakontzea eta lehen sektorea indartzea. Xede horrekin lehen sektoreko eta elikadura balio kateko pertsona fisikoei eta juridikoei, elkarteei edo eragileei zuzendutako Landan Ekin sariak sortu dituzte. Urriaren 11ra bitartean aurkeztu behar ziren sarietarako egitasmoak, eta guztira, 28 proiektu jaso dituzte.
Landaolak gaur eman ditu sariak sei ataletan banatuta, eta atal bakoitzeko irabazleak 2.500 euroko saria jaso du, eta Rural Talent ataleko saritu bakoitzak 1.000 euro eta formazioa jasotzeko aukera lortu ditu. Landan Ekin sarien antolatzaileak gustura agertu dira, eta zoriondu egin dituzte parte hartzaile guztiak. "Lehenengo edizioa izateko proiektu kopuru handia aurkeztu da, eta gazteen eta emakumeen parte hartze handia izan da", esan du Landaolak.
Urola Kostako sei proiektu izan dira sarituak:
- Nekazaritza jardueraren garapena atalean, Ibarbi Errezil Sagarra Kooperatibak jaso du, ibarbi edo errezil sagarraren ekoizpenaren optimizazioa, merkaturatzea eta jatorrizko izendapena lortzeko proiektu estrategiko berritzailearekin.
- Lehenengo sektore dibertsifikazioa atalean, Zumaiako Santa Klarako Maite Manzisidorren proiektuak jaso du saria, esnekien salmenta zuzenari lotutako egitasmoarekin.
- Sakona Etxaldea ere saritua izan da. Gazte Ekintzaileari saria jaso du, ekoizpen ekologikoan oinarritutako behi eta latxa ardi esneen nahasketarekin formatu handiko gazta baten garapena eginez dibertsifikatzeko egindako apustuagatik.
- Belaunaldi Aldaketa saria jaso du Getariako Gañeta txakolinak. "Familia upategi baten belaunaldi aldaketa eman da, txakolindegia iloben eskuetara pasatuz", nabarmendu dute saria ematerakoan.
- Rural Talent ekintzaile saria lau proiektuk jaso dute, eta horietako bakoitzak 1.000 euro eta 35 orduko formakuntza jasoko dute. Bi azpeitiarrek jaso dute saria: Ane Aranburuk Gaztaintxulo haurrei zuzendutako heziketa proiektuarekin eta Amaia Alberdik Artamugarri baratze, denda eta formakuntza proiektuarekin.