Azaroaren 4ko Bilboko manifestaziorako autobusak jarri dituzte eskualdeko hainbat herritatik

Nerea Uranga 2023ko urriaren 25a

Azaroaren 4rako manifetazioa deituz maiatzean egindako agerraldia. (Euskalgintzaren Kontseilua)

Euskalgintzaren Kontseiluak deitu du mobilizazioa Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelo hartuta. 17:00etan abiatuko da manifestazioa, Euskaldunatik. Azkoititik, Azpeititik, Getariatik, Zarauztik, Zestoatik eta Zumaiatik antolatu dituzte manifestaziorako autobusak, eta jarri dituzte autobusetan izena emateko aukerak.

"Euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sortaren aurrean" sortutako "kezkak" eraginda, Euskalgintzaren Kontseiluak, hainbat entitate eta norbanakoren babesarekin, adierazpena plazaratu eta nazio manifestaziorako deia egin zuen joan den maiatzaren 10ean.

Azaroaren 4an izango da mobilizazioa Bilbon, 17:00etan Euskalduna jauregiaren aurretik abiatuta, Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat leloarekin. Mobilizazioarekin bat egiteko deia zabaltzearekin batera, bertara joateko autobusak antolatu dituzte. Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako udalek zein Azkoitiko Maxixatzen eta Euskararen Aldeko Lanak Zestoan euskara elkarteek antolatu dituzte autobusak. Getariatik, berriz, udalak eta Artzapek antolatu dute, Zumaiatik Larraina euskara elkarteak eta Zarauztik Zirika euskara elkarteak, Lurraldebusekin.

Autobusak herriz herri:

- Azkoitia. Azkoitiko Euskara Mahaiak antolatu du. Autobuserako izena 675 85 71 11 telefono zenbakian edo Euskara Mahaiko eragileen bitartez eman behar da. Autobusa 15:30ean irtengo da Eroski Txiki aurreko geltokitik. Autobuseko txartelaren salneurria 5 euro da.

- Azpeitia. Azpeitiko Udalak antolatu du autobusa. 15:15ean irtengo da, anbulatorioaren aurreko geltokitik, eta joan nahi dutenek Sanagustin kulturgunean edota 688 78 00 24 telefono zenbakira deituta eskura ditzakete autobuserako txartelak, 5 euroren truke.

- Getaria. Autobuserako izena Getariako Turismo Bulegoan edota Artzaperen telefono zenbakira idatzita (688 71 66 09) eman daiteke. Izena ematerakoan, izen-abizenak, harremanetarako telefono zenbaki bat eta manifestaziora joango diren lagun kopurua zehaztu beharko dira. Autobusa 15:15ean irtengo da Getariako autobusaren geltokitik. 5 euro kostatuko da autobusa, eta egunean bertan ordaindu beharko da.

- Zarautz. Zarauzko Zirika euskara elkarteak Bilbora joateko autobusa Lurraldebusen bidez antolatzea erabaki du. Bakoitzak hartu beharko du autobuserako bere txartela pesa.net/
pesa/eu/compra atarian edo autobus geltokiko makinan. Txartela garaiz hartzeko deia egin dute. 

- Zestoa. Euskararen Aldeko Lanak Zestoan euskara elkarteak antolatu du manifestaziorako autobusa. Portale kulturgunean eman behar da autobuserako izena. Autobuserako txartelaren salneurria 5 euro izango da. 15:00etan aterako da manifestaziorako autobusa, Azpeitira aldeko autobus geltokitik.

- Zumaia. Larraina euskara elkarteak antolatu du. Autobuserako izena Internetez formulario hau beteta eman daiteke edota Aizpurua liburu dendan (Aita Mari, 17) edo Mandala papertegian (Erribera, 8). Izena emateko azken eguna urriaren 31 da. Autobusa 15:00etan irtengo da, Patxita Etxezarretako autobus geltokitik. Prezioa 10 eurokoa da (ikasleak eta langabetuak 5 euro, eta umeak doan). Ordainketa autobusean bertan egingo da. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide