Hasi dira aurrera egiten halterofilia indartzeko bidean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urriaren 13a

Marta Pastor aldundiko Kirol zuzendaria eta Jaizki Mendizabal federazioko presidentea berriketan. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Klub gehiago sortu nahi dituzte Gipuzkoan, eta horretarako, plan estrategikoa diseinatu dute. Ekintza gehienak Zarautzen hasiko dituzte, ondoren beste herrietara zabaltzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurraldeko halterofilia federazioak kirola indartzeko plan estrategikoa garatu dute, "halterofilia ez dadin izan hain minoritarioa". Joan den asteazkenean aurkeztu zuten plana Donostian, baina Zarautzen izango du erdigunea; izan ere, bertatik abiatuko dituzte helburua betetzeko pentsatu dituzten ekintzetako asko, ondoren lurralde osora zabaltzeko.

Aintzat hartu behar da, gainera, halterofilia sendoen errotuta dagoen herrietako bat dela Zarautz eta federazioak bertan duela egoitza. Zarautzekin batera, Irun eta Zizurkil soilik dira halterofilia klubak dituzten Gipuzkoako herriak, gaur egun. Hain justu, klub gehiago sortzea eta kirolariak erakartzea da plan estrategikoaren helburu nagusietako bat.

Zentzu horretan, Jaizki Mendizabal Gipuzkoako Halterofilia Federazioko presidenteak argi du zein den klub gehiago izateko gakoa: "Entrenatzaileak sortzea da lehen pausoa". Bide horretan, halterofiliako irakasle izateko ikastaroa antolatu dute Zarautzen datorren asteko astebururako.

Halaber, kirolariak erakartzeko eta haurrekin nahiz helduekin halterofilia lantzeko, hainbat ekintza jarri dituzte martxan herrian. "40 urtetik gorako sei emakume animatu dira irailean. Ez dute lehiatzeko asmorik, baina ikusi dute indarraz harago doan kirola dela eta asko laguntzen duela lesioak saihesten", azaldu du Zarauzko klubeko kidea ere baden Mendizabalek.

Horrez gain, joan den ikasturteaz geroztik herriko ikastetxeetan ari dira halterofilia irakasten: "Antonianoko, ikastolako eta La Salleko DBHko ikasleekin egin ditugu saioak gorputz hezkuntzako eskoletan, eta Lizardira ere iritsi nahi dugu. Teknika izan da gaztetxoekin landu duguna, pisurik sartu gabe. Orain, eskola kirolean muturra sartzea da erronka, baina zaila ari da izaten, egutegia beteta dutelako", zehaztu du presidenteak.

Aizarnazabalera iritsi dira

Kontrara, Aizarnazabalen lortu dute halterofilia eskola kiroleko jardunaldien parte izatea. Iazko ikasturtean hasi ziren han ere, eta, Mendizabalen hitzetan, "esperientzia oso ona" izan denez, errepikatu egin nahi dute.

Azpiegiturak hobetzea ere badute helburuen artean, eta horretarako ere Zarauztik hasi dira lanean: "Aritzbatalden antolatzen ditugun txapelketak hobetu ditugu; digitalizazioaren arloan, batez ere. Gainera, garatu dugun sistema hasi gara eramaten beste herrietara pixkanaka. Dena den, oraindik asko dugu egiteko. Egunerokoan, entrenatzeko erabiltzen ditugun azpiegiturak hobetu nahi ditugu". 

Gipuzkoako Taldekako Txapelketa, bihar

Lurraldeko hiru halterofilia klubek indarrak neurtuko dituzte bihar Aritzbatalde pilotalekuan; izan ere, Gipuzkoako Taldekako Txapelketa jokatuko dute egun osoan: 10:30ean gizonak arituko dira, 12:15ean emakumeak zein gizonak nahastuta, 16:00etan gizonak bakarrik berriro, eta, 17:45ean, azkenik, emakumeak bakarrik. Dena den, 19:00etan emango diote amaiera txapelketari sari banaketarekin.

Parte hartuko duen taldeetako bakoitza sei kirolariz osatuta egongo da gehienez ere, eta antolatzaileek zehaztu dutenez, hamar dira izena eman dutenak, guztira: sei gizonezkoetan eta lau emakumezkoetan.

Etxean arituko den ZKE Halterofilia izango da ordezkari gehien izango dituena, izan ere, bost taldek parte hartuko dute: hiru gizonezkoen kategorian lehiatuko dira, eta beste biak emakumezkoen kategorian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide