Hamasek asteburuan Israelen egindako erasoen ondoren nabarmen egin du gora tentsioak ekialde hurbilean. Israelek gerra egoera deklaratu du, eta haren armadak erabat blokeatuta du Gaza. Bada, bertan gertatzen ari dena salatzeko eta Palestinako herriari babesa adierazteko elkarretaratzeak mobilizazioak deitu dituzte egunotan Urola Kosta eskualdeko hainbat udalerritan. Atzo arratsaldean, Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian elkarretaratzeak egin zituzten, eta dozenaka herritar bildu ziren protestetara.
Azpeitiko eta Zarauzko protestak Kontseilu Sozialistak deituta egin zituzten, Israelgo Estatua hiltzailea. Palestinar herriarekin elkartasuna lelo hartuta. Zumaiako elkarretaratzea, berriz, herriko hamar eragilek deituta egin zuten Genozidioa gelditu. Palestina aurrera! lelopean. Darahli elkarteak, ELA, LAB eta ESK sindikatuek, Ernaik, Zumaiako Mugimendu Feministak, Zumaiako Gazte Asanbladak, Gure Eskuk, Sarek eta Sortuk deitu zuten Zumaiako mobilizazioa.
Gaur eta bihar ere izango dira Palestinari babesa adierazteko protestak eskualdean; izan ere, Zestoako Gazte Asanbladak gaur 19:30erako deitu du elkarretaratzea herriko plazan Erresistentziarekin elkartasuna, Palestina askatu! lelo hartuta. Azkoitian, berriz, bihar, ostirala, 19:00etan plazan gaiarekin keztatuta dagoen herritar talde batek deituta protesta egingo dute, Palestina askatu! lelopean.