Adineko pertsonak izango dira urriko lehenengo protagonistak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko irailaren 26a

Zarauzko Adinekoen Mahaiko ordezkariak, +60 Adinekoen Asteko egitarauaren kartela eskuetan dutela. (Jabi Gonzalez Toston)

Igandetik hasita, zazpi eguneko egitarau zabala izango du Zarauzko +60 Adinekoen Asteak. Azpeitian, hitzaldia eskainiko du etzi Jesus Mari Mujikak, asteburuko bazkariaren atariko

Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna izango da igandean, urriaren 1ean, eta, Zarautzen, urtero egiten duten +60 Adinekoen Astea abiatzeko baliatuko dute data. Urriaren 7ra bitartean, orotariko jarduerak egingo dituzte Zarauzko Adinekoen Mahaiak antolatuta: karta txapelketak eta jolasak aire zabalean, ibilaldiak, hitzaldiak... Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotziaren esanetan, "adinekoak gizartearen parte oso garrantzitsua direlako eta dituzten interesak nahiz kezkak gizarte osoak dituen berak direlako" osatu dute hain egitarau zabala.

Hori horrela, ekitaldi guztietan parte hartzera gonbidatu dituzte adinekoak, baina gazteagoak direnak ere ongietorriak izango direla adierazi dute. Parte hartzea sustatzeko, hain justu, txartel bat jasoko dute bertaratzen diren herritarrek, azken eguneko dantzaldian egingo den zozketarako.

Halaber, zehaztu dute zenbait jardueratan parte hartzeko aurrez eman beharko dutela izena interesdunek. Aire zabaleko kirol parkeetan egingo dituzten ekintzetan, adibidez, zenbat lagun arituko diren lehenago jakitea komeni zaie dinamizatzaileei.

Azpeitian bazkaria

Zarautzen ez ezik, Azpeitian ere izango da ekintzarik Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunaren harira. Baigera jubilatuen elkarteak antolatuta, bazkaria egingo dute igandean Azoka Plazan, 14:00etan hasita, eta txartelak asteazkenera arte egongo dira eskuragarri. Bazkalostean erromeria izango dute, eta aurrez, 13:00etan, elkarretaratzea.

Igandeko bazkariaren atariko, Jesus Mari Mujikaren hitzaldia ere antolatu dute ostegunerako. Gure adinean bizipozari heltzeko bideak izendatu dute Aizarnako filosofoaren solasaldia.

Zarauzko + 60 Adinekoen Astea

Urriak 1, igandea
11:00-14:00. Elkarteen erakusketa, Lege Zaharren Enparantzan. Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna izanik, adierazpena irakurriko dute.

Urriak 2, astelehena
09:30. Ibilaldi gidatua Moilarrira kiroldegitik abiatuta, eta ondoren, hamaiketakoa Iñurritza elkartean. 
16:00. Mus, tute eta seiko txapelketak Iñurritza eta Udaberri elkarteetan. Parte hartzeko, aurrez eman beharko da izena Udaberrin edo Iñurritzan.

Urriak 3, asteartea
10:30-12:00. La sabiduria de la vida kafe solasaldia Luis Arcosekin, Udaberrin.
16:00. Mus, tute eta seiko txapelketetako finalak Udaberrin.
18:30. Adineko pertsonen ongizaterako baliabideak hitzaldia, Fatima Arangurenek eskainita, Antonianon.

Urriak 4, asteazkena
10:00-12:00. Bolo, toka, pin-pon, igela eta petanka txapelketak, Zelai Ondon. 
16:45-17:45. Aire zabaleko kirol parkeak, parrokiako parkean hasita. Parte hartzeko aurrez eman beharko da izena Udaberrin edo Inurritzan.

Urriak 5, osteguna
11:00-12:00. Maria Etxetxikiko eta eguneko zentroko erabiltzaileei zuzendutako bingoa, Frontoi Txikin.
20:00. Jon Plazaolaren Tutum Platz bakarrizketa, Modelon.

Urriak 6, ostirala
10:30-12:00. Bi bizikleta irteera malekoian, Bizikletaz Adinik Ez elkartearen eskutik.
11:00. Udaberri abesbatzaren emanaldiak Santa Anan, Mari Etxetxikin eta Lege Zaharren Enparantzan.
18:00. Adineko pertsonentzako osasun aholkuak hitzaldia Felix Zubiak eskainita, Antonianon.

Urriak 7, larunbata
11:45. Soinketa Santa Anako egoiliarrentzat, Arrosategin. 
18:00-20:00. Dantzaldia Joxe Mendizabalekin eta zozketa, Frontoi Txikin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide