Irailarekin iritsi da marea bizien garaia, eta arratsaldeko itsasgorarekin –18:22an izan da–, Urola, Narrondo eta Oria ibaiek gainezka egin dute Zumaiako, Aiako eta Orioko hainbat puntutan. Zumaian, Axular ibilbidean, urak hartu du errepidea eta trafikoaren zirkulazioa eten beharrik izan ez duten arren, tentuz ibili behar izan dute ibilgailuek. Gauza bera gertatu da Julio Beobide ibilbideko hainbat puntutan ere, eta kasu horretan, ibaiak gainezka egiteaz gain, hainbat lokaletara sartu da ura: besteak beste, Pulpo elkartera eta Marinelen San Telmo kofradiara. Ondo bidean, egoerak lasaitzera egingo du datozen minutuetan, dagoeneko pasatu baita itsasgoraren punturik altuena.
Orion, itsas mailaren azpitik dauden kaleetan estoldetatik atera da ura eta Ibai Ondo ibilbidea eta Aiako Ubegun industriagunea urpetu ditu.
Bihar ere marea biziak izango dira eta aurreikuspenak dio ia gaur bezainbeste igoko dela marea. Ondorioz, gaur gertatutako bihar errepikatu liteke. Gainera, eguerdi parterako euri asko egitea espero da eta horrek uholdeak izateko kezka areagotu du.