Moto gidari azpeitiar bat hil da Getaria-Zumaia artean, istripuz

Aritz Mutiozabal 2023ko uztailaren 31

Urola Kostako Hitzak baieztatu ahal izan duenez, 36 urteko azpeitiarra da hildakoa. 19:05 aldera gertatu da ezbeharra, eta beste zauritu bat ere utzi du istripuak. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da.

Motozale azpeitiar bat hil da gaur arratsaldean Getaria eta Zumaia arteko N-634 errepidean izandako istripuan. Urola Kostako Hitzak baieztatu ahal izan duenez, 36 urteko azpeitiarra da hildakoa.

Antza denez, ibilgailu batekin talka egin du motoak, baina Ertzaintzak jakitera eman duenez, oraindik ez dago argi gertatutakoa. Horregatik, istripuaren zergatia argitzeko ikerketa jarri du abian Ertzaintzak.

N-634 errepideko 24,9 kilometroan izan da ezbeharra, 19:05 aldera, eta hildakoaz gain, istripuan beste pertsona bat ere zauritu dela azaldu du Ertzaintzak; Donostia ospitalera eraman dute hura artatzera. Istripuaz geroztik, itxita dago errepidea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide