Euskal gizarteak idazle eta bertsolari izateagatik ezagutzen badu ere, Getariako bizilagun Uxue Alberdik (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984) baditu bestelako zereginak ere, tartean Getariako irakurketa taldeak gidatzea. Duela hamar urte baino gehiago ekin zion Katukale helduen irakurketa taldearekin hilero liburuen geruzak «biluzteari», eta irailetik aurrera umeekin ere jardungo du horretan, Saguzulo haurren irakurketa taldea sortu baitute.
Irailetik aurrera, Saguzulo umeen irakurkerta taldea izango du Getariak. Nondik sortu da ideia?
Nire proposamena izan zen. Kezka bat dut aspalditik, iruditzen zaidalako haur eta gazte literatura gutxietsita dagoela. Eskoletan, oro har, humanitateek geroz eta garrantzi txikiagoa dute, eta horrenbestez, literaturari ere geroz eta arreta gutxiago eskaintzen zaiola iruditzen zait. Helduen literaturan, liburu bat ona bada, modu batera edo bestera iristen da jendearengana, baina ez da gauza bera gertatzen gaztetxoekin. Pentsa, esango nuke guraso garenok ere askotan indusketa lan handia egin behar dugula liburuak bilatzeko. Niri literaturak asko eman zidan umetan, eta iruditzen zait oraindik ere asko eman diezaiekeela umeei.
Hamar urte baino gehiagoz ari zara Katukale Getariako helduen irakurketa taldea gidatzen. Erronka berria izango da zuretzat umeena gidatzea, ezta?
Bai, eta nik ideiak eramango ditudan arren, beren beharren eta nahien arabera moldatuko ditugu saioak. Zentzu horretan, ikasteko prest nago. Nik beren hitzari garrantzia emango diot eta beren irakurketa errespetatzen saiatuko naiz. Bide horretan prestatutakoa zailegia edo errazegia egin zaiela jabetzen banaiz, moldatuko ditugu saioak. Azken finean, nire rola liburuak izan ditzakeen geruza horiek biluzten laguntzea izango da, eta horretarako hainbat modu egon daitezke.
Orokorrean, saioen helburua izango da umeak literaturan trebatzen saiatzea, betiere jabetuta denak ez direla irakurzaleak bihurtuko etorkizunean. Asmoa da, herrietan kirol elkarteak dauden bezala, aukera bat izatea irakurzaletasuna garatzeko ere. Horrez gain, guk nahi duguna da umeek agian beste bide batetik ezagutuko ez lituzketen hainbat generotako liburuak eramatea saioetara.
Gero, saioetan, ume bakoitzak liburuko arlo batekin konektatuko du: batzuek emozioekin, besteek ez dakitena ezagutzearekin, pentsamenduekin, ilustrazioekin, istorioarekin, fantasiarekin... Ni saiatuko naiz horiek identifikatzen, eta horretarako modu asko egon daitezkeen arren, pentsatu dudana da kartulina batzuk jartzea mahai erdian hitz gako batzuekin, hala nola pertsonaiak, narratzailea, gaia, sentimenduak, ilustrazioak, espazioak, ikuspuntua... Hitz horietako batek agian zerbait piztuko dio umeren bati, eta hortik has gaitezke jolasean.
Zure ideia izanda ere, udalaren eta liburutegiaren oniritzia jaso duzu taldea sortzeko.
Hori da. Orain dela urte batzuk ezagutu nuen Oiartzunen [Gipuzkoa] erabiltzen duten eredua, Xabi Salaberriak gidatuta. 40 umerekin lan egiten du hark, hiruzpalau taldetan banatuta, eta filosofia eskola bat ere gidatzen du igande goizetan. Salaberriari egindako elkarrizketa bat edo beste bidali nizkien Haritz Alberdi Getariako alkateari eta Erun Ortiz Kultura teknikariari, eta Andoni Olaetxea Getariako liburutegiko liburuzainari ere aipatu nion ideia. Hari gustatu egin zitzaion asmoa, eta proposamena idatzi eta udaletxera eraman genuen. Gure zorionerako, onartu egin zuten, eta orain irekita dago izen ematea.
Nolako saioak aurreikusten dituzu?
Gure ustez literatura balioa duten liburu zerrenda bat osatzen ari gara, genero desberdinetako piezekin: klasikoak, album ilustratuak, komikiak, nobelak… Guztira, zortzi liburu irakurriko dituzte umeek, urritik maiatzera, eta irailean aurkezpen saio bat egingo dugu, elkar ezagutzeko. Umeek ez dute libururik erosi beharko, denak liburutegi saretik hartuko ditugulako. Lehenengoa nik aukeratu dut, baina beste guztiak beraiek aukeratuko dituzte. Hain zuzen ere, lehen liburua Koos Meindertsen Itsasargia izango da. Nik euskaratutako liburu bat da, eta izenburuak dioen moduan, itsasargi baten inguruko istorio bat kontatzen du. Liburu oso polita da, ea umeei ere gustatzen zaien.
Tximili Kuarteka haur irakurle taldea, Zarautzen
10 eta 12 urte bitarteko Tximili Kuarteka haurren irakurle taldea osatzeko deialdi irekia egin dute Zarautzen, eta interesdunek dagoeneko eman dezakete izena Sanz Enea udal liburutegian. Plazak mugatuak dira, eta urritik maiatzera izango dira saioak Sanz Enean bertan.
Hain justu ere, Nerea Loiola idazleak gidatuko ditu haurrentzako saio horiek, helduen literatura tertuliak gidatzen dituen bezalaxe.