Iruñeko hilketa matxista gaitzetsi dute eskualdeko herrietan

Andoni Elduaien 2023ko uztailaren 4a

Joan den larunbatean Iruñean jazotako hilketa matxista gaitzetsi eta salatu dute eskualdeko herritarrek han eta hemen egin diren elkarretaratzeetan.

Urola Kosta eskualdeko herritarrek gogor gaitzetsi dute larunbatean Iruñean izan zen hilketa matxista. Joan den larunbatean 51 urteko gizonezko batek bere bikotekidea hil zuen labankadaz Iruñean, eta ondoren bere burua entregatu zuen. Iruñeko Ermitagaña auzoko Anayak tabernan hil zuen gizonak 47 urteko emakumea. Bikotekide ez ezik, lankide ere baziren taberna horretan bertan. 

Hilketa matxista salatzeko nahiz gaitzesteko, eskualdeko talde desberdinek elkarretaratzeak egin zituzten atzo, astelehena. Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan Itaia Euskal Herriko emakumeon antolakunde sozialistak deitutako elkarretaratzeak egin zituzten arratsaldean herrietako plazetan, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean. Zarautzen, berriz, Zarautzen Bilgune Feministak, Morroxkak taldeak eta Euskal Herriko Emakumeen Martxak deitu bildu ziren. Aizarnazabalen ere atzo egin zuten protesta, Aizarnazabalgo Mugimendu Feministak deituta. Zumaian, bestalde, gaur arratsaldean egingo dute Mugimendu Feministak deitutako kontzentrazioa, Saregileen plazan (19:30). Hona hemen herriz herri egin diren elkarretaratzeak:

Urteko laugarrena

Iruñekoarekin lau dira 2023an indarkeria matxistaz Euskal Herrian hil dituzten emakumeak. Maiatzaren 16an, gizon batek bikotekide ohia hil zuen Orion, eskopeta batekin tiro eginda. Maiatzaren 28an, bestalde, gizon batek 32 urteko emakume bat hil zuen Gasteizen, apartamentu hotel bateko logela batean. Senideek aurkitu zuten hilotz, hiru urteko alaba alboan zuela; hura onik zegoen. Ikerketa abiatu zuten berehala, gorpuak indarkeria zantzuak baitzituen. Haren bikotekide ohia atxilotu zuten. Ekainaren 15ean 89 urteko emakume bat hil zuen 28 urteko ilobak, Bilbon. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak baieztatu zuen hilketa matxista izan zela. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide