Frantziako Tourra Urola Kostan

Ongietorri beroa eman diote Tourrari eskualdean

Intza Trula - Jabi Gonazlez Toston - Aritz Mutiozabal - Andrea Zipitria 2023ko uztailaren 3a

Errepidea alderik alde hartu dute ehunka eta ehunka herritarrek Zumaiatik hasi eta Orioraino txirrindularitza lasterketa ospetsuena bertatik bertara jarraitzeko.

Ikusmin handia sortu du Frantziako Tourra Euskal Herritik pasatzeak eta hala erakutsi dute arratsaldeak Urola Kostako herrietan utzi utzi dituen irudiek ere: ehunka eta ehunka lagun Zumaia, Zarautz edota Orio zeharkatzen dituen N-634 errepidearen bi aldeak hartuta.

Esan beharra dago, hala ere, luze jo diela itxaronaldiak herritarrei. Bertakoak nahiz atzerritik etorrita oporraldia eskualdean pasatzen ari diren txirrindularitza zaleak ziren bildutakoen artean eta bi ordutik gora itxaron behar izan dituzte babesleen karabana pasatu denetik lehenengo txirrindulariak iritsi diren arte. Gainera, segundo gutxiko kontua izan da txirrindulariak pasatzen ikustea; zeren, abiada handian pasatu dira guztiak, nahiz eta, antolatzaileek aurreikusitako ordu guztiekiko atzerapenarekin pasatu diren. Neilson Powless mendiko sailkapeneko liderra eta Laurent Pichon frantziarra izan dira eskualdean lehenengo sartu eta atera direnak. Ehun txirrindularitik gorako tropel handiari aurre hartuta igaro dira. Dena den, alde txikiarekin, pare bat minutukoa baino ez.

Powless estatubatuarrari lotuta esan behar da Euskal Herrian jokatu diren hiru etapetan protagonista izan dela, gaur ere eguneko ihesaldia hartu baitu. Dena den, txirrindulari handienak tropelekoak ziren, eta bakanen bat ezagutu eta haren izena ozen oihukatzeko denbora tarte gutxi izan dute herritarrek: Adam Yates maillot horia, Tadej Pogaçar taldekidearen atzetik, Jonas Vingegard iazko irabazlea ere gertu zuten. Beste hainbat izen handi ere baziren multzoan: Julian Alaphilippe, Egan Bernal, Mathieu Van der Poel... Baita Euskal txirrindulari esanguratsuenak ere: Mikel Landa, Pello Bilbao, Omar Fraile, Ion Eizagirre...

Tropelaren ondoren, berriz, Ben O'Connor pasatu da atzeratuta Zarautzen. Sailkapen nagusian aurrean ibiltzeko hautagaietako bat da Ag2r-Citroen taldeko txirrindulari australiarra, baina arazo mekanikoa izan du Zumaian eta horregatik geratu da atzean. Edonola ere, taldekide baten laguntzari esker lortu du tropelera itzultzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide