Frantziako Tourra eskualdeko hainbat herritatik igaroko da gaur, eta eragin zuzena izango du trafikoan: Arroabean, 11:35etik 16:00etara itxiko dute errepidea; Zumaian, 11:30etik 15:30era; Getarian, 11:30etik 15:30era; Zarautzen, 11:30etik 16:00etara; Orion, 15:10etik 16:10era, eta Igeldoko errepidea, 12:00etatik 17:00etara arte.
Lasterketa 15:00 aldera sartuko da Urola Kostan, Arroabetik, eta kostako N-634 errepidea zeharkatu ondoren, Orioko Bentara igoko da, 15:30 inguruan, handik Igeldorantz jotzeko. Aldiz, Tourreko babesleen karabana ezagunak pare bat ordu lehenago pasatuko da errepidetik, 13:23ean. Elastikoak, biserak eta bestelako opariak banatuko dizkiete errepide bazterrean diren zaleei. Horrexegatik, eta lasterketako segurtasuna bermatzeko itxiko dute horren goiz errepidea ibilgailuentzat eta oinezkoentzat,
Aipatu ordu tartean, AP-8 autobidea erabili beharko dute ibilgailuek Zarauztik edo Zestoatik irteteko zein herrira sartzeko. Alternatiba moduan GI-631 errepidea erabili daiteke, eta Getariatik irteteko Meagatik egin daiteke. Autobus zerbitzua ere etenda egongo da, eta Zumaiatik joan-etorriak egiteko aukera bakarra trena erabiltzea izango da.
