Iruñeko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte eskualdeko herrietan

Maialen Etxaniz 2023ko uztailaren 3a

Iruñeko hilketa matxista salatzeko Atzo Zarautzen egindako kontzentrazioa. (Andrea Zipitria)

Gizonezko batek bere bikotekidea hil zuen larunbatean Iruñean, labankadaz, eta ondoren bere burua entregatu zuen. Espainiako Polizia eta udaltzainak gertatutakoa ikertzen ari dira, baina dagoeneko baieztatu dute genero indarkeria egotziko diotela atxilotuari. Mugimendu Feministak nahiz Itaiak deituta elkarretaratzeak izango dira gaur Azpeitian, Azkoitian, Aizarnazabalen, Zarautzen eta Zestoan. 

Larunbatean Iruñean izandako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte Urola Kostako herrietan. Mugimendu Feministak nahiz Itaiak deituta elkarretaratzeak izango dira gaur Azpeitian, Azkoitian, Aizarnazabalen, Zarautzen eta Zestoan. Zarauzko Itaiak atzo egin zuen elkarretaratzea. 

51 urteko gizonezko batek bere bikotekidea hil zuen larunbatean labankadaz Iruñean, eta ondoren bere burua entregatu zuen. Iruñeko Ermitagaña auzoko Anayak tabernan hil zuen gizonak 47 urteko emakumea. Bikotekide ez ezik, lankide ere baziren Anayak tabernan.  Gizonezkoa atzo pasatu zen epailearen aurretik. Espainiako Polizia eta udaltzainak gertatutakoa ikertzen ari dira, baina dagoeneko baieztatu dute genero indarkeria egotziko diotela atxilotuari. Sumarioa sekretupean dago.

Hona hemen eskualdeko deialdiak: 

Uztailak 3, astelehena 

  • Aizarnazabal, 19:00etan, Talde Feministak deituta. 
  • Azpeitia, 19:00etan, plazan, Itaiak deituta.
  • Azkoitia, 19:00etan, plazan, Itaiak deituta.
  • Zarautz, 18:30ean, plazan, Mugimendu Feministak deituta.  
  • Zestoa, 19:00etan, plazan, Itaiak deituta. 

Uztailak 4, asteartea

  • Zumaia, 19:30ean, Saregileen plazan. 

Urteko laugarrena

Iruñekoarekin lau dira 2023an indarkeria matxistaz Euskal Herrian hil dituzten emakumeak. Maiatzaren 16an, gizon batek bikotekide ohia hil zuen Orion, eskopeta batekin tiro eginda. Maiatzaren 28an, bestalde, gizon batek 32 urteko emakume bat hil zuen Gasteizen, apartamentu hotel bateko logela batean. Senideek aurkitu zuten hilotz, hiru urteko alaba alboan zuela; hura onik zegoen. Ikerketa abiatu zuten berehala, gorpuak indarkeria zantzuak baitzituen. Haren bikotekide ohia atxilotu zuten. Ekainaren 15ean 89 urteko emakume bat hil zuen 28 urteko ilobak, Bilbon. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak baieztatu zuen hilketa matxista izan zela. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide