Mendoza, Perona eta Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernuan

Nerea Uranga 2023ko uztailaren 1a

Eider Mendoza, lehen lerroan erdian; Xabier Arruti, bigarren lerroan ezkerretik aurrena; eta Jokin Perona, bigarren lerroan ezkerretik bigarrena.

Eider Mendoza Azpeitian jaiotako hondarribiarra izango da diputatu nagusia, Jokin Perona oriotarrak Ekonomia eta Finantza diputatu jarraituko du, eta Xabier Arruti beizamarrak Lurralde Oreka Berderako Departamentua zuzenduko du.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Eider Mendoza (EAJ) izendatu zuten ostegunean ahaldun nagusi; Azpeitian jaiotakoa da Mendoza, eta umetan Hondarribira bizitzera joandakoa. Bigarren bozketan erabaki zuten Mendoza diputatu nagusi izatea, gehiengo soilarekin. Ahaldungai jeltzaleak 25 batzarkideren babesa jaso zuen, EAJren hamazazpi batzarkideena, PSE-EEren zazpiena eta PPko batzarkide batena. Lehen bozketan hogeita launa boto eskuratu zituzten Maddalen Iriarte EH Bilduren ahaldungairako hautagaitzak –Elkarrekin Podemosek babestuta– eta Mendozak, PPko hiru batzarkideak abstenitu zirelako.

Mendoza da Gipuzkoako ahaldun nagusi kargua hartu duen historiako lehen emakumea. Diputatu nagusiaren kargua hartuta, atzo iragarri zituen Mendozak Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernu "berritua" osatuko dutenen izenak, eta gaur, larunbata, hartu dituzte Foru Aldundiko karguak.

Diputatu nagusiaren aginduetara arituko diren bederatzi diputatuetatik sei EAJko kideak izango dira, eta hiru PSE-EEko kideak. Jeltzaleen ordezkarietatik bi Urola Kosta eskualdekoak dira: Jokin Perona oriotarrak berriro Ekonomia eta Finantza diputatu kargua hartu du, eta Xabier Arruti beizamarra Lurralde Oreka Berderako diputatu ariko da.

Jabier Larrañaga azpeitiarrak (EAJ) ez du jarraituko foru gobernu berrian, eta haren lekuan, Promozio Ekonomikorako eta Proiektu Estrategikoetarako Departamentua  Ane Insaustik zuzenduko du.

Gainontzeko foru departamentuetako ardurak honakoek hartu dituzte: Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako sozialisten burua da lehen diputatu nagusiordea eta Jasangarritasun diputatua; Maite Peñak (EAJ) jarraituko du Zaintza eta Gizarte Politiketako foru diputatu; Maria Ubarretxena (EAJ) arduratuko da Bide Azpiegituretako Departamentuaz; Irune Berasaluzek (EAJ) kudeatuko du Gobernantza Departamentua; Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Ordenamendu Departamentuaren ardura Azahara Dominguezek (PSE-EE) izango du; eta Kultura, Kooperazio, Gazteria eta Kirol diputatu kargua Goizane Alvarezek (PSE-EE) hartu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide