Uda iristearekin batera, ohikoa da traineru sasoiari hasiera ematea. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketek abiatu zuten denboraldia, eta KAE 1, ETE eta KAE 2 ligek hartu zuten lekukoa. Asteburu honetan, berriz, Eusko Label eta Euskotren ligei emango diete hasiera. Galiziako uretan jokatuko dituzte arraunlariek lehen estropadak –A Coruñan, hain zuzen ere–, eta eskualdeko hiru talde izango dira lehian: Orio Arraunketa Elkarteko gizonen eta emakumeen talde nagusiak eta Getariako Arraun Elkarteko gizonen taldea. Hala, datozen hilabeteetarako dituzten asmoak ezagutu nahi izan ditu Urola Kostako Hitzak.
Orio
Orio Arraunketa Elkarteak aurten ere talde bana izango du Euskotren eta Eusko Label ligetan. Emakumeen taldea "indartsu" dator; pasa den urteko eskifaia bera izango da, baja bakarra izan baitute, eta bi arraunlari berri dituzte taldean. Emaitzei dagokienez, "pasa den urteko emaitzak lortzea" gustatuko litzaioke Ane Arruti Orioko arraunlariari. Orain arte egindako lana ikusita, denboraldiak "itxura ona" duela azaldu du Arrutik. Hala ere, emaitza onenak jaitsieretan lortu dituztela dio; bi txapel jantzi dituzte.
Emakumezkoen ligan aurten zortzi traineruk parte hartuko dute lehen aldiz, eta horrek baliteke "jokatzeko modua aldatzea"; dena den, Orioko emakumezkoen taldeak argi du zein den helburua: "Estropada denetan irabaztera aterako gara".
Emakumezkoen trainerua ez bezala, Orioko gizonen taldea «erabat eraberrituta» aurkeztu da aurten. Andoni Campos arraunlariaren ustez, "sendotu" egin da taldea, nahiz eta azken bi estropadetako emaitzek ez lagundu. Hark adierazi du aurtengoan "fisikoki oso ondo prestatuta" dagoela gizonezkoen taldea, eta "lehiakortasuna barnean duen laguntasun familia" gisa definitu du tripulazioa; emaitza "onak eta goxoak" hala ateratzen direla dio, eta beraz, uda oparoa izango dutenaren ustetan daude taldeko kideak.
Getaria
Getariako Arraun Elkarteko taldeak bigarren urtea izango du Eusko Label Ligan. Ezustekoa eman zuten iaz, baina jakin badakite ezin dutela pasa den denboraldian iltzatuta geratu, eta aurten ere uretan "onena emateko prest" daude. "Urte guztia une honen zain igaro dugu, eta orain gogoz gaude. Egun bereziak dira", azaldu du Jon Larrañaga Getariako entrenatzaileak. Jakin badaki pasa den urteko denboraldia errepikatzea "zaila" izango dela. "Emaitza bikainak lortu genituen, aurreikuspen guztiak hautsita; ederra izan zen, bai guretzat, baita herritarrentzat ere". Aurtengoan, dena den, Esperantza-ren asmoa azken bi postuak "saihestea" izango da. "Momentuz, denboraldiaurrean denetarik eduki dugu, estropada onak eta txarrak izan baitira tartean".
Taldeari dagokionez, pasa den urteko arraunlari berak izango ditu Getariak, hiru-lau kirolari kenduta. Ontziaren bizkarrezurra mantendu egingo dute, eta badira pasa den denboraldian kale eginda, aurten Getariako tosta artean izango diren arraunlariak ere; tartean, Julen Manterola. Denboraldiaren atarira iritsi zen Manterola arraunlari getariarra pasa den urtean, baina lesio baten ondorioz, ezin izan zuen jokatu. Aurten «gogotsu» hasi du denboraldiaurrea, eta aitortu du pasa den urtean kanpotik bizitzea tokatu bazitzaion ere, aurten barrutik bizitzeko irrikaz dagoela. "Lehengo urteko planteamendu bera" ari dira jarraitzen Aritz Miralles arraunlariaren hitzetan, baina hasiera ez dela erraza izango aitortu du, "Galiziako urak zailak" izaten direlako.