Baimendu egin dute bainua Orioko hondartzan, baina debekatuta jarraitzen du Zumaian

Onintza Lete Arrieta 2023ko ekainaren 22a

Analisi tuboak.

Beroa iragarri dute datozen egunetarako, baina ez da giro eskualdeko hondartzetan. Aurreko astean Zarauzkoan debekatu zuten bainua, eta aste honetan, Orion eta Zumaian egon da galarazita. Gaur berriro baimendu dute Orioko Antilla hondartzan eta moilan bainatzea, baina Zumaian debekatuta jarraitzen du. 

Hondartza denboraldia iristearekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila hasi da hondartzetako uraren kalitatea aztertzen aldiro-aldiro, eta azken bi asteetan gabeziak atzeman ditu eskualdeko hondartza batzuetan. Aurreko astean, esaterako, bainua galarazi zuen Zarauzko hondartzan –jada bainatu daiteke han– eta aste honetan, berriz, debekua Orioko Antilla hondartzari eta Zumaiako Itzurun eta Santiago hondartzei ezarri die. Herri horietako moiletan bainatzea ere debekatu dute udalek.

Itzurunen bainatzeko debekua gaur bertan jakin da, baina Santiagokoa asteartetik dago debekatuta. Kontrara, Orion berriro baimendu dute gaur bertan Antillan nahiz moilan bainatzea. Asteartean esan zuten enterococos intestinalis bakterioaren maila onartutakoa baino altuagoa zela Antilla hondartzan eta ibaian, eta ordutik egon da debekatuta bainua.

Zumaian, berriz, E. coli bakteriaren maila gehiegizkoak eragin du uraren kalitatea ez izatea bainurako segurua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide