Txanponaren bi aldeak Zarautz Gesalaga Okelanetzat Pasai San Pedron

Aritz Mutiozabal | Maria Maya Manterola 2023ko ekainaren 18a

Emakumezkoen Zarauzko traineruaren artxiboko irudia.

ETE ligako emakumezkoek erakustaldi bikaina eman dute beraien txandan irabazita, eta laugarren postuan sailkatuta. KAE 1 ligako gizonezkoek, berriz, laugarren izan dira gaur ere beraien txandan, eta zortzigarren amaitu dute. Zumaiako bi ontziak, aldiz, bigarren postuan sailkatu dira. 

Pasai San Pedroko uretan lehiatu dira gaurkoan Zarautz Gesalaga Okelango arraunlariak. Emakumezkoek Hernaniko Bandera izan dute jokoan eta gizonezkoek, berriz, Kepa Deun Arrantzaleen Kofradiako Ikurriña. Nolabait esateko, txaponaren bi aurpegiak erakutsi ditu talde batak zein besteak, baina denboraldi hasiera da eta oraindik neurria hartzen ari dira.

Atzoko erlojupekoan ez zen eroso aritu Zarautz, ETE ligako estreinakoan, baina gaur erakustaldi ederra eman du, eta lehen txandan aise nagusitu da (11:46,75), Ondarroa, Hernani eta Portugalete atzean utzita, hurrenez hurren. Hori gutxi balitz, ohorezko txandan burua sartzea lortu du, Astillerok baino denbora hobe lortuz (11:48,21), eta laugarren sailkatuz. Bandera Kaikurentzat izan da.  Zumaiarren trainerua izan zen nagusi atzo Donibane Ziburun, eta gaurkoan, Kaikuren atzetik sailkatu da trainerua, bigarren postuan. 

KAE 1 ligan ere bigarren egin dute Zumaiakoek. Atzoko emaitza nabarmen hobetu ahal izan dute, seigarren postutik bigarrengora jauzi eginda. Zarautz Arraun Elkartekoei dagokienez, atzoko dinamika errepikatu dute Asier Puertasen mutilek, baina gaurkoan saria apalagoa izan da. Hain justu ere, bigarren txanda egin dute arraunean –Zumaia, Pedreña eta Arkoterekin–, eta beste behin laugarren sailkatu dira. Kontua da gaurkoan ez dela izan txandarik azkarrena: ohorezko txandakoak bizkorrago aritu direla, Zumaia salbu; 20:42,81koarekin bigarren bukatu dute zumaiarrek, bigarren egunez Sanpedrotarrak nagusi izan diren estropadan. Gauzak horrela, Zarautzek zortzigarren sailkatu da gaur. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide