"Gogotsu", "itxaropentsu"... Horiek dira traineru denboraldi hasieraren bezperetan sarrien entzuten diren hitzak. Horiek erabili dituzte, behinik behin, bihar bertan ETE eta KAE1 ligak hasiko dituzten Zarauzko eta Zumaiako arraun taldeetako ordezkariek. "Negua gogorra" egin zaie; hori ere denek azpimarratu dute. Hala izaten da urtero, eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Lapurdin, Donibane Lohitzunen, hasiko dira liga horiek, eta han lehiatuko da Orio B ontzia ere.
Irati Zubeldia Zarautz Arraun Elkarteko (ZAE) arraunlaria da lehiarako gogotsu dagoenetako bat. Negua ez da erraza izan Enbatako emakumeentzat, besteak beste, iaztik baja asko izan dituztelako: "Negua gogorra izan da. Hasieran nahikoa jende gutxi ginen, iaztik bederatzi baja izan ditugulako, baina lanean jarraitu dugu jendea han eta hemen topatzen genuen bitartean. Orain dator onena", esan du. Bajei aurre egiteko klubeko jubenil batzuk hartu dituzte, baita "beste klub batzuetan baztertutakoak ere". Taldean "giro oso ona" dutela ere azaldu du.
Taldeak hirugarren urtea du, baina oraindik nahiko berria da, eta Zubeldiak azaldu du urtez urte "pixkanaka, gehiago prestatzen" ari direla. Entrenatzaile eta prestatzaile fisiko berriak dituzte aurten, gainera –Juanjo Etxarte da entrenatzailea–. "Iazko urte erdi aldera hasi ginen prestatzaile fisiko berriarekin, eta hasieratik berarekin hasteak eragina izan duela uste dut". Iaztik, "prestaketa desberdina" izan dela adierazi du, indar ariketei dagokienez, adibidez.
Taldea gogotsu dagoela azpimarratu du arraunlariak, "zerbait polita egin dezakeen taldea" dela erantsita. Iaz zortzigarren egin zuten ligan, eta aurten ohorezko txandan lehiatzea dute helburu. "Talde indartsua dugula uste dut, eta gaitasuna baduela hor ibiltzeko".
Zumaiako Telmo Deuneko emakumeen traineruko Jule Egiguren ere gogotsu da biharko. "Negua luzea izaten da, eta gogotsu gaude ikusteko orain arte egindakoak zer fruitu ematen duen". Helburua argi dute Zumaiakoek: "Goiko postuetan lehiatu nahi dugu, eta igoera fasera iritsi; hori da gure erronka", kontatu du. Talde iraunkorra dute Zumaiakoek, arraunlari gehienek jarraitzen dute traineruan –berriak ere etorri zaizkie, bi Ondarrutik eta bat Castrotik–, entrenatzaile berberek diraute azken urteetan, eta arraunkera hartuta dute. "Arraunkera horri eusten baldin badiogu, badakigu goian egoteko gai garela", nabarmendu du arraunlariak.
Gizonak ere biharko prest
Emakumeek bezala, gizonek ere gogotik egin dute lan negu partean. Gorka Garmendia ZAEko patroiak azaldu du "negu oso zaila" izan dutela: "Eusko Labeletik jaitsi ginenean, iaz, neurri batean taldeari eusteko aukera izan genuen, ahalegina egiteko berriz ere gora itzultzeko, baina sailkapenean gauzak ez ziren guk nahi bezala atera, eta ondorioz, hainbat urte zeramatzaten batzuek utzi egin dute, eta irail-urrian, artean ez genekien trainerua osatzera iritsiko ginen ere". Hamabost laguneko taldea osatu dute; "jende kopuruz justu" daude, beraz. Hamar bat baja izan dituzte, eta duela bi urte bigarren ontzia baldin bazuten, orain bigarren ontzi hura da ontzi nagusia, arraunlari gutxi batzuk gehituta. "Entrenatzailea bera ere arraunean dabil".
Asier Puertas entrenatzailea eta Garmendia bera kenduta, talde gaztea du ZAEk aurten. "Gazteak oraindik ikasteko" daudela uste du patroiak, eta arreta hor jarri beharko dutela, poliki-poliki barneratzen joan daitezen ondo lehiatzeko beharrezkoak diren jakintza eta teknika.
Dena den, neguan "ondo entrenatu" dutela azaldu du patroiak, "isikoki indartsu" daudela, eta "itxaropentsu" ere badaudela; "jolaserako gogoz gaude", gaineratu du. "Gozatzera" doaz, eta Garmendiak horixe eskatu die zaleei ere, "goza dezatela" Enbatarekin, kostata osatu baitute trainerua. "Beste urteetan emaitzen araberakoa izan da gure asebetetzea, eta aurten gozatzera aterako gara; hori izango da gure helburua".
Zumaiako gizonezkoen taldea ere prest dago ligari heltzeko. Unai Etxeberria izango dute entrenatzaile, eta hark "erronka berria" izango dela aitortu du. "Iaztik sei-zazpi baja izan ditugu, eta bost aurpegi berri, neu barne; tartean gazteak, errezildarrak, azpeitiarrak ere bai... Zumaiar gutxi, zoritxarrez", azaldu du.
"Denen artean" denboraldi polita egitea nahiko luke, eta erronka nagusia iazko emaitza hobetzea izango du taldeak: "Azken bost urteetan zortzigarren edo bederatzigarren postuan egin dugu; aurten hori hobetzen saiatuko gara", azpimarratu du.