Bihar osatuko dituzte eskualdeko herrietako udalbatza berriak

Julene Frantzesena 2023ko ekainaren 16a

Azkoitiko udaletxea. (Andoni Elduaien)

Azkoitian dantzan dago aginte makila. Ezustekorik ezean, Xabier Txurruka izango da Zarauzko alkatea, PSE-EEren bozekin. Gainerako alkatetzak erabakita daude.

Udal bozak pasatu eta ia hiru astera, bihar, egingo dituzte Urola Kostako herri guztietan udalbatza berriak osatzeko kargu hartze ekitaldiak. Hain zuzen ere, goizetik eguerdira artean tokian-tokian egingo dituzten ezohiko udalbatzarretan hartuko dituzte karguak 2023-2027 agintaldian herriz herri udalbatzak osatuko dituzten hautetsiek.

Bozen emaitzek zehaztuta utzi zituzten datorren agintaldirako eskualdeko udal gobernu gehientsuenak, baina badira aginte makilak dantzan gelditu ziren udalerriak ere: Azkoitia eta Zarautz. Bi herri horietan EAJk jaso zituen boz gehien maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, baina gehiengo osoa erdiesteko, beste alderdiren baten aldeko botoak beharrezkoak dituzte jeltzaleek.

Azken asteetan aritu dira negoziazioetan bi herri horietako udaletan ordezkaritza lortu duten alderdiak, eta Zarautzen dagoeneko itxi dute akordioa EAJk eta PSE-EEk. Jose Ignacio Asensio PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusiak herenegun Euskadi Irratian jakinarazi zuenez, haren alderdikideek –bi ordezkari izango ditu Zarauzko Udalean PSE-EEk– EAJren alkategai Xabier Txurrukari emango diote boza. Beraz, ezusterik ezean, aurreko agintaldian bezala, Txurruka izango da Zarauzko alkatea datozen lau urteetan ere. Dena den, ikusteko dago zer-nolako akordioa erdiesten duten bi alderdiek, nahiz eta Asensiok jeltzaleekin gobernu koalizioa osatzearen alde hitz egin zuen irratian. Hitza jarri da harremanetan Zarauzko Udaleko PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezekin, baina hark ez du adierazpenik egin nahi izan.

Erabat bestelakoa da Azkoitiko egoera. Izan ere, bezperetara iritsita, oraindik ikusteko dago zein izandatuko dute herriko alkate. EAJk irabazi zituen udal hauteskundeak, baina jeltzaleek lortutako zazpi eserlekuak ez dira aski gehiengo osoa lortzeko, eta PSE-EEko hautetsiaren botoarekin ere ez du lortuko gehiengo osorik –2019-2023 agintaldian Udal Gobernua osatu zuten bi alderdiek–. Azkoitia Baik izan du giltza, haren aldeko botoak erabaki baizezaketen nor eseri alkatearen aulkian, Ana Azkoitia EAJren alkategaia edo Asier Altuna EH Bildurena, baina atzo arratsaldean herritarrekin egindako batzarrean, bere aldeko botoa ematea erabaki zuen herri plataformak. Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Bai herri plataformaren zerrendaburuak azaldu zuen "alderdi guztien arteko gobernu bat bermatu dadin" hartu duela herri plataformak larunbatean bere buruaren aldeko botoa emateko erabakia. 

Herriko aginte makila nork hartuko duen, beraz, biharko ekitaldian erabakiko da. Bozketa bakarra izango da, eta inork ez badu lortzen gehiengo osorik –bederatzi boto behar dira gehiengo osoa lortzeko–, zuzenean zerrenda bozkatueneko hautagaia izendatuko dute alkate. Azkoitia Baik garbi utzi du beraien aldeko botoa emango duela. "Guk gure aldeko botoa emango dugu. Ez dakit besteek zer egingo duten, baina irteten dena irteten dela, ontzat hartuko dugu".

Azkoitia Bairen erabakiarekin EH Bildu alkatetza hartzeko aukerarik gabe gelditu da, baina, hein batean, koalizioaren botoek erabakiko dute orain agintaldi berrian herriko alkatea nor izango den; izan ere, EH Bilduko hautetsi guztiek Azkoitia Bairen aldeko botoa ematen badute bozketaren batean, herri plataformako Etxaniz zerrendaburuak hartuko du herriko aginte makila. 

Alkateak zehaztuta

Eskualdeko gainerako bederatzi herrietan zehaztuta daude dagoeneko alkateak. EH Bilduk 11 herritatik zazpitan irabazi zituen bozak gehiengo osoarekin, 2019koetan bezala, eta beraz, Aizarnazabalen, Azpeitian, Errezilen, Getarian, Orion, Zestoan eta Zumaian koalizioko kideak izango dira alkate. Aian, berriz, EAJk irabazi zituen bozak, eta jeltzaleentzat izango da alkatetza; eta Beizaman, Aurrena Beizama Bai herri zerrendarentzat. Datozen lau urteetan Pedro Otaegi izango da Beizamako alkatea, Koldo Arzallus Errezilgoa, Mikel Arregi Zestoakoa, Haritz Alberdi Getariakoa, Iñaki Ostolaza Zumaiakoa eta Jon Ander Azpiroz Aiakoa; Errezilgo eta Aiako alkateak izango dira berriak udalean. Azpeitian, berriz, Nagore Alkorta izango da alkatea, Aizarnazabalen Mari Karmen Arregi, eta Anuska Esnal Orion. Hiru emakume horiek aurreko agintaldian ere izan dira alkate. Okerrik ezean, aurreikusitakoaren arabera, Xabier Txurruka izango da Zarauzko alkatea, eta ikuskizun dago Azkoitikoa zein izango den.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide