Jon Unanue 'Goenatxo III.a' eta Udane Ostolaza nagusi, Etxauriko Harria txapelketan

Andoni Elduaien 2023ko ekainaren 12a

Atzoko parte hartzaile guztiak, probak amaitu ondoren. (J. Unanue)

11 altxaldi eman zizkion 136,5 kiloko harriari azkoitiarrak, Gorka Etxeberriak eta Aimar Galarragak baino bi jasoaldi gehiago emanda. Ostolazak, berriz, hamahiru aldiz jaso zuen harria, Zinkunegik baino bat gehiago eta Esnaolak baino lau gehiago.

Jon Unanue Goenatxo III.ak eta Udane Ostozalak irabazi dute aurtengo Etxauriko Harria txapelketa. Atzo, igandea, 1.300 lagunen aurrean jokatu zuten Alberto Lakostaren omenezko XVIII. Etxauriko Harria txapelketa, Etxauriko (Nafarroa) pilotalekuan. Aimar Galarraga, Gorka Etxeberria, Imanol Royo eta Goenatxo III.a harri-jasotzaile azkoitiarrak parte hartu zuten gizonen txapelketan, eta Ostolaza harri-jasotzaile oriotarrak, Ane Zinkunegik eta Olaia Esnaolak emakumeetan.

Gizonek 136,5 kiloko harria altxatu behar izan zuten, eta emakumeek 68 kilokoa. Gizonetan, harriari 11 altxaldi emanda lortu zuen azkoitiarrak txapelketa irabaztea. Bederatzina altxaldi egin zituzten Etxeberriak eta Galarragak, baina azken horrek gorputz pisu handiagoa duela eta, Etxeberria izan zen bigarrena eta Galarraga hirugarrena. Laugarren, berriz, Xabier Aranburu Guztaren partez aritu zen Royo sailkatu zen, zortzi jasoaldirekin. Emakumeetan, berriz, Ostolaza izan zen txapelduna harriari hamahiru altxaldi emanda. Bigarren sailkatu zen Zinkunegi hamabi jasoaldirekin eta Esnaola hirugarren, harriari bederatzi altxaldi emanda.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide