Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa iritsi da bere ekuatorera. Eskualdeko ordezkariek joan den astean jokatu zituzten final laurdenen itzulerako partidak, eta hori horrela, txapelketa ia guztietan erabakita daude finalerdiak. Eskuzko modalitatean, Azpeitiak bakarrik egin du aurrera, Azkoitia eta Zestoa txapelketatik kanpo gelditu baitira. Gomazko paletan, berriz, Zestoa kanpoan gelditu da.
Eskuzkoan, Azpeitiak Amezketaren aurkako kanporaketa ia erabakita ekarri zuen Azpeitira, Amezketan huts eta hiru irabazita. Ostiralean jokatu zuten itzulerakoa, eta emaitza errepikatu zuten Ilunpeko kideek. Kadete mailan, 22-6 irabazi zuten azpeitiarrek; gazte mailan, 22-9, eta nagusietan, 22-7. Sei eta huts irabazita, finalerdietan dira azpeitiarrak. Andoain izango dute aurkari; joanekoak Andoainen jokatuko dituzte, eta itzulerakoak Azpeitian, datorren astean.
Azkoitiarrak eta zestoarrak, berriz, txapelketatik kanpo gelditu dira. Oiartzun iazko txapeldunaren aurka neurtu dituzte indarrak Azkoitiko Oteiza elkartekoek, eta Andoainen aurka Zestoako Abantzu elkartekoek. Joanekoan bezala, itzulerakoan ere bat eta bi galdu zuten azkoitiarrek. Kadete mailan, 16-22 galdu zuten; gazte mailan, 15-22 nagusitu ziren oiartzuarrak, eta nagusietan 22-8 irabazi zuten azkoitiarrek. Guztira, Oiartzunek lau eta Azkoitiak bi. Zestoak, berriz, itzulerako hiru partidak galdu zituen Andoainen. Kadete mailan 22-12 galdu zuten, eta gainerako bi mailetan 22-9. Guztira, Andoainek bost eta Zestoak 1.
Azkoitiko palistak, etzi
Azkoitiko gomazko paletako taldea ere joan den ostiralean zen jokatzekoa final laurdenetako itzulerakoa hasiera batean. Donostiako palista baten arrazoi pertsonalak tarteko, ordea, atzeratu egin zuten lehia, eta etzi, asteazkena, jokatuko dute Donostiaren aurkako lehia, Donostiako Loiola auzoan (20:00). Azkoitian bat eta bi galdu zuten, eta beraz, guztia erabakitzeko dago kanporaketa horretan.