Gasteizko hilketa matxista salatu dute hainbat herritarrek, Itaiak deituta

Ihintza Elustondo 2023ko maiatzaren 30a

32 urteko emakume baten hilotza aurkitu zuten igandean Gasteizen, indarkeria zantzuekin. Indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira kasua, eta haren bikotekide ohia atxilotu dute. Gertaera salatzeko, elkarretaratzea egin dituzte Azkoitian, Azpeitian eta Zestoa, Urola Erdiko Itaiak deituta. Gaur Azkoitian (12:00) eta Zumaian (20:00) egingo dituzte protestak, Azkoitiko Udalak deituta batean eta Mugimendu Feministaren ekimenez bestean.

Gasteizen 32 urteko emakume baten hilotza aurkitu zuten igandean apartamentu hotel bateko logela batean, bortxa zantzuekin, 3 urteko alaba alboan zuela; hura onik zegoen. Ertzaintzak adierazi duenez, indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira kasua, eta haren bikotekide ohia atxilotu dute Zaragozan (Espainia). Bi asteren barruan Euskal Herrian gertatzen den bigarren hilketa matxista da, eta hori salatzeko, protestak egin dituzte han-hemenka. Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan atzo arratsaldean elkarretaratzeak egin zituzten plazetan, Urola Erdiko Itaiak deituta.

Itaiak nabarmendu du "gogor salatzen" duela gertakaria eta "babes eta elkartasun osoa" adierazten dizkietela hildako emakumearen familiari eta haren ingurukoei. "Emakume langileon aurkako erasoak eguneroko ogia dira bizi dugun errealitate sozialean. Horren adibide ditugu azken asteetako bi hilketa matxistak, baita jazo diren eraso matxista guztiak ere; Irunen, Lasarte-Orian nahiz Aiaran duela egun gutxi salatutakoak, esate baterako. Etsaiaren boterea mantentzeko funtzioa duen eta arau kultural bilakatu den ideologia matxistak gizonaren gailentasunerako testuinguru paregabea sortzen du. Hori dela eta, emakume langileon zaurgarritasun egoera baliatuta, gure aurkako erasoak etengabeak dira", adierazi du taldeak.

Egoera horren aurrean, Itaiak azpimarratu du "ezinbestekoa" dela "indarkeria matxista gainditzeko erantzun eraginkorrak hedatzea, emakume langileen aurkako erasoak gauzatzen dituzten figurak seinalatzea eta emakumeak egoera horretatik askatzeko beharrezko baliabide ekonomiko eta sozialak garatzea". Urola Erdiko Itaiak horretan lanean jarraitzeko "konpromiso osoa" adierazi du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide