Hauteskundeen biharamunean udal gobernuak nola osatu, hori da herritarrengan eta politikariengan sortu den zalantza nagusia. Nahiz eta bailarako herri gehienetan, gehiengo osoak medio, herritarrek erabaki duten alkate makila nori eman, akordioak egiteko tartea utzi dute emaitzek Azkoitian eta Zarautzen.
Zarautzen, alderdi bozkatuenak izan diren EAJk –4.774 boto– nahiz EH Bilduk –4.534 boto– egingo dute sozialisten babesa lortzeko ahalegina alkatetza lortu ahal izateko. Ekainaren 17an, larunbata, egingo dituzte kargu jabetze ekitaldiak. Bada, Zarautzen, alderdi berarengana joko dute akordio bila boto gehien bildu dituzten EAJk eta EH Bilduk alkatetza lortzeko: PSE-EErengana, hain zuzen ere.
Zarautzen eta Azkoitian izan ezik, ziurtatuta daude gainerako alkatetzak
Sozialistek dute giltza
Sozialistek dute Zarautzen gobernua osatzeko giltza eta guztiak jakitun dira horretaz. Pentsatzekoa da azken bi agintaldietako bideari eutsiko diotela eta jeltzaleek eta sozialistek berriro osatuko dutela gobernua elkarrekin. Dena den, Gloria Vazquez PSE-EEko alkategaiaren hitzetan, "oraindik goiz da hori esateko, alderdien artean hitz egiteko unea da orain, baina argi dagoena da giltza gu garela".
Zentzu horretan, Xabier Txurruka EAJren alkategaiak atzo adierazi zuen gainerako alderdi guztiekin jarriko direla harremanetan "alderdi garailea" izan direlako eta guztia "airean" dagoela une honetan. Edonola ere, Txurrukak garbi du sozialistak izango direla gakoa: "Alderdi sozialistak erabakiko du nor den Zarauzko hurrengo alkatea".
Bide beretik, Itziar Murua EH Bilduko alkategaiak onartu du eurek ere egingo dutela sozialisten babesa lortzeko ahalegina.
EAJk irabazi ditu udal hauteskundeak Azkoitian ere, baina airean da alkatetza zeinen esku geratuko den. Izan ere, alderdi jeltzaleak 2.003 boto eskuratu ditu udal hauteskundeetan (botoen %38,20), eta zazpi zinegotzi izango ditu; beraz, ez du gehiengo osorik. EH Bildu izan da bigarren indarra, 1.848 boto eskuratuta (%35,24); horrenbestez, sei ordezkari izango ditu udalean, egun baino bat gutxiago. Ordea, Azkoitia Bai-Elkarrekin taldea izan da Azkoitiko Udalbatzaren argazkia irauli duena, 810 boto eskuratuta (%15,44) hiru eserleku eskuratu baititu, egun baino bi gehiago. Beraz, plataformak izan dezake datorren agintaldiko Udal Gobernua erabakitzeko giltza. Azken agintaldian EAJren gobernukide izan den PSE-EEk ere izango du hitza; zinegotzi bati eutsi dio alderdi horrek, 438 boto lortuta (botoen %8,35).
Ziurtatutako gobernuak
Aian, esaterako, duela lau urteko joera bera errepikatu da. EAJ izan da boto gehien eskuratu duen alderdia, 486 boto hain zuzen ere. 2019an baino 63 boto gutxiago eskuratu ditu, dena den. Bestetik, 2019ko datuekin alderatuz, behera egin du EH Bilduk ere 385 boto jasota, 417 lortu zituen azkenekoan. Hortaz, sei zinegotzi lortu ditu EAJk eta lau EH Bilduk. Aiako Batzarre Burujabetzak, berriz, 105 boto lortu ditu, beraz, zinegotzi bat izango du udaletxean datozen lau urteetan. Beraz, aiarrek hala erabakita, EAJko Jon Ander Azpirozek eskuratuko du aginte makila.
Aizarnazabalen, boto kopurua jaitsi arren, alkatetza ziurtatu du koalizioak beste lau urterako. Aurreko agintaldiko zinegotzi kopuruari heldu dio koalizioak; sei lortu ditu, eta beraz, Mari Karmen Arregi izango da alkatea. EAJk, berriz, eserleku bat lortu du udalean, aurreko agintaldian bezalatsu. EH Bilduk botoen %79,41 jaso ditu –301 boto–, eta EAJk, berriz, botoen %13,98 –53 boz–. PSE-EE taldeak, berriz, zortzi boto lortu ditu, botoen %2,11.
Bigarrengoz jarraian, Nagore Alkorta izango da Azpeitiko alkatea. Izan ere, hamar zinegotzi eskuratu ditu EH Bilduk, jeltzaleen zazpiren aldean. Bi alderdi horiek osatuko dute udalbatza, gainerakoek –PSE-EEk, Elkarrekin-Podemosek eta PPk– ez baitute ordezkaririk lortu.
Pedro Otaegik hartuko du kargua Beizaman, boz-emaleen boto guztiak Aurrera Beizama Bai herri plataformak eskuratu ondoren. Udaleko bost jarlekuak, beraz, plataformako kideek hartuko dituzte.
EH Bildu izan da nagusi Errezilen ere, 189 boto eskuratuta; hau da, botoen %62,79. Errezilgintza alderdiak, berriz, 108 boto lortu ditu, botoen %35,88. Udala osatzeko zazpi jarleku zeuden jokoan; horietatik bost EH Bildurentzat izango dira, eta beste biak Errezilgintzarentzat. Beraz, Koldo Arzallus izango da Errezilgo alkatea, gehiengo osoa lortuta.
2019an baino boto gutxiagorekin bada ere, koalizioa izan da nagusi Getarian ere, eta beraz, Haritz Alberdik ziurtatu du alkatetza. Guztira, 886 boto eskuratu ditu koalizioak –948 izan ziren 2019an–, eta EAJ izan da bigarren alderdi bozkatuena, botoen %44,66rekin. 745 boto jaso ditu guztira. Botoen gorabeherak ez du eraginik izan udalbatzako eserlekuetan, eta beraz, sei zinegotzi izango ditu koalizioak, eta bost jeltzaleek.
EH Bilduren gorakada Orion
Joera orokorra izan da eskualdean koalizioaren gorakada, eta horien artean, aipatzekoa da Orioko kasua. Izan ere, EH Bilduko sei zinegotzi izatetik hamar izatera igaroko dira herri horretan. Duela lau urte baino 700 boto gehiago eskuratu ditu koalizioak, hain zuzen. EAJk bost zinegotzi izan ditu orain arte, eta bi galdu ditu; PSE-EEk, berriz, zuen bakarra galdu du.
Zestoan eta Zumaian ere gehiengo osoarekin hartuko dituzte alkate karguak Mikel Arregik eta Iñaki Ostolazak, hurrenez hurren. Zortzi hautetsi izango ditu koalizioak Zestoan: boto gutxiago jaso arren, handitu egin du bigarren indarrarekiko, hau da, jeltzaleekiko tartea. Izan ere, botoen % 64, 13a eskuratu du koalizioak, eta % 29,82a jeltzaleek. Azken horiek hiru ordezkari izango dituzte udalean.
Zumaian, gehiengo osoa ziurtatu bakarrik ez, duela lau urte baino hautetsi bat gehiago izango du EH Bilduk udalbatzan. Duela lau urteko boto kopuruari eutsi dio koalizioak, eta 400dik gora boto galdu dituzte jeltzaleek. Sei hautetsi izango dituzte, honenbestez, jeltzaleek. PSE-EEk, berriz, hautetsi bakarrarekin jarraituko du Zumaiako Udalean, boto kopuruari eutsita.