Igarako eta Egurbide errotak zabaldu dituzte, herritarrek horien barrunbeez jakin dezaten

Ane Olaizola 2023ko mai. 14a, 16:31

Erroten eguna da gaur, eta antzinako makina horrek nola funtzionatzen zuen ikusi ahal izan dute bisitariek. Izan ere, hiruna bisita gidatu egin dituzte Azkoitian eta Azpeitian.

Gipuzkoako Erroten Egunean, horiek bertatik bertara ikusteko aukera izan dute gaur, igandez. Izan ere, bisita gidatuak egin dituzte inguruko hainbat errotetan, tartean Loiolan dagoen Igarako errotan eta Azkoitiko Egurbide errotan. Guztira, hiruna saio egin dituzte errota horietan, baina eguraldi petralaren ondorioz, Azpeitiko bisitetara ez da herritar askorik gerturatu; aldiz, Azkoitikoak interes gehiago piztu du.

Kanpoaldeko euri jasa ez bezala, Igarako errotaren barrualdera tantaka iritsi dira bisitariak, Ekoetxearen eskutik 11:00etan eskaini duten saioa jarraitzera. Bisitariek interes handiz entzun dituzte errotaren nondik norakoak, eta Sisitaga Errekatik iristen den urari esker errotak artoa nola ehotzen duen ikusi ahal izan dute horiek gertutik.

Azkoitian ere, eguraldi petralari aurre eginez, hainbat herritar animatu dira haren barrunbeez zein mekanismoaz gehiago jakitera Dozena bat lagun elkartu dira, esaterako, 11:00etako saiora, eta Egurbide baserriko Jon Orbegozok harrera egin die errotaren kanpoaldean. Errotaren historiaz hitz egin du hark, eta jakinarazi du XVI. mendekoak direla haren aurreneko datu ofizialak. Dena den, egun Aranzadi zientzia elkartearekin harremanetan dira Egurbidekoak, beren errotaren inguruko datu historiko gehiago lortzeko asmoz.

1983 eta 1985eko uholdeen eraginez kaltetuta geratu zen errota, eta ordutik erabili gabe egon zen, harik eta orbegozotarrek 2004an berriz martxan jartzea erabaki zuten arte. Orbegozok xehe azaldu ditu errotaren nondik norakoak: haren historia, errotariek antzina erabiltzen zituzten tresnak eta funtzionamendua. Gainera, Orbegozok berak egindako maketa bati esker, herritarrek errotaren funtzionamendua hobeo ulertu ahal izan dute. Amaieran, martxan jarri dute errota, artoa nola ehotzen duen ikusteko.

Gaurko bisita gidatuak ez dira Gipuzkoako Erroten Egunean harira Azkoitian zein Azpeitian egin dituzten ekintza bakarrak izan. Izan ere, Joxin Azkuek herriko erroten inguruko solasaldia eskaini zuen astelehenean, Sanagustin kulturgunean, Urola Bizirik natur taldeak antolatuta, eta Azkoitiko errotez hitz egin zuen bi egun beranduago Yurrita elkarteko kide Alex Rotetak. Era berean, UKTk honako bideo erreportaje hau argitaratu zuen ostiralean, Azkoitiko eta Azpeitiko errotak gaitzat hartuta.

Azpeitiko Igarako errotan bisita gidatua:

Azkoitiko Egurbide errotan bisita gidatua:

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide