Gaur eguerdian jokatutako hamar final handirekin bukatu da Hondartzako Futboleko 78. Txapelketa Zarauzko hondartzan. Derbi asko ikusi dituzte zaleek zelaigunean: zarauztarren eta getariarren artekoak, aiarren eta oriotarren artekoak, baita oriotarren eta zarauztarren artekoak ere. Hori bai, puntako giroa izan da nagusi partida guztietan.
Seniorretan zortzi talde aritu dira nor baino nor, lau ligako txapela eskuratu nahian, eta beste horrenbeste, kopakoa lortu nahian. Ligari dagokionez, zarauztarrentzat izan dira garaipenak: gizonezkoetan Telesforo erretegiak 1-2 irabazi dio Balearri-Astillero taldeari, eta emakumezkoetan, garaipena Orbela Limossentzat izan da, 1-0 irabazita Kebidek taldeari. Lehia bizia izan dute bi partidetan. Baita kopako finaletan ere. Gizonezkoetan Otamendik 2-1 irabazi dio Kirkilla Enea jatetxeari, eta emakumezkoetan, Euskaldunak 1-2 irabazi dio Myflowerri.
Gainerako partidak LH5. eta 6. mailetako neska-mutilek jokatu dituzte, eta zarauztarrez gain aiarrak, oriotarrak eta getariarrak aritu dira finaletan.
Aurreko urteetan bezala, herri bazkariarekin amaitu dute denboraldia futbolariek. Antolatzaileek aste honetan hedabide honi esandakoaren arabera, 400 pertsona elkartu dira Orokietako frontoian bazkari legea egiteko.
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)