Maila galtzeko arriskutik aldendu nahi du Lagun Onak futbol taldeak

Andoni Elduaien 2023ko apirilaren 21a

Anaitasunako eta Lagun Onakeko jokalari bana, borrokan. (Anaitasuna)

Urteko azken partida jokatuko dute bihar Lagun Onakek eta Anaitasunak. Hirugarren Mailan jarraitu nahi dute Azpeitikoek. Azkoitikoek, berriz, bermatuta dute salbazioa.

Espainiako Hirugarren Mailan lehiatzen ari diren eskualdeko gizonen bi futbol taldeek, Azkoitiko Anaitasunak eta Azpeitiko Lagun Onakek, azken jardunaldiko partidak jokatuko dituzte bihar, 18:00etan. Azkoitikoek dagoeneko maila galduta duten San Ignacioren zelaian jokatuko dute norgehiagoka. Azpeitikoek, berriz, Aurrera Vitoriarekin neurtuko dituzte indarrak, Garmendipe zelaian.

Talde bakoitzak bere erara hartuko du azken lehia; izan ere, bi taldeek jokoan dutena ez da inolaz ere gauza bera. Anaitasuna futbol taldeak joan den asteburuan itxi zuen matematikoki Hirugarren Mailan jarraitzea, baina Azpeitiko Lagun Onakek guztia jokatuko du Aurrera Vitoriaren aurka.

Azpeitiko taldeak denboraldia sailkapeneko azken hirugarren postuan –sailkapeneko hamalaugarrena– amaitzeko arriskua du, eta hain justu, hori da bihar saihestu nahi dutena. Errenteriako (Gipuzkoa) Touring eta Arrigorriagako (Bizkaia) Padura taldeekin du lehia Lagun Onakek orain. Sailkapenean, 31 puntu ditu Padurak, 30 Lagun Onakek eta 29 Touringek –egun hamalaugarrenak dira–. Estu dago, beraz, kontua behe aldeko postuetan.

Hain justu, denboraldia hamalaugarren postuan amaitzen duen taldeak Espainiako Bigarren RFEF mailatik Hirugarren Mailara euskal futbol talde bat jaitsiko den edo ez jakiteko zain egon beharko du, gutxienez, beste hiru astez. Egun, Beasain futbol taldeak du maila horretan presentzia galtzeko arriskua.

Dinamika kontua

Ander Avellaneda Lagun Onakeko entrenatzailearen arabera, "denboraldi guztiko dinamikak" eraman du Lagun Onak gaur egun dagoen lekura. "Taldeak ondo lehiatu du partida ia guztietan. Defentsan, taldea oso eroso eta oso ondo egon da. Zenbakiak hor daude; une honetan, gol gutxien jaso duen laugarren taldea gara", azaldu du entrenatzaileak. Kontrara, ordea, erasoan "asko kostatu" zaiela esan du tolosarrak. "Taldeak aukerak sortu ditu, baina golak egitea asko kostatu zaigu. Kasu horretan ere, zenbakiak hor daude. Gol gutxien egin dituen bigarren taldea gara. Horrek guztiak ekarri gaitu egoera honetara".

Aurrera Vitoriaren aurkako biharko partida "zaila" izango da Avellanedarentzat. "Nahiz eta maila aspaldi galdu zuten, lehiatzen jarraitzen dute. Joan den asteburuan ere, Urdulizi irabazi egin zioten etxean, eta badakigu neurketa ez dela erraza izango. Tentsio nahiz urduritasun puntu hori kudeatu behar dugu, lasai jokatu behar dugu. Badakigu egoera honi aurre egiteko gai garela; gure esku dago".

Zaleen aurrean egin beharko dio aurre biharko finalari Lagun Onakek. Hain zuzen, sarrera doakoa izatea erabaki du klubak. "Zaleei dei egiten diegu bihar Garmendipera etor daitezen. Azken esfortzua egin behar dugu, helburua lortzea behar dugu. Garrantzitsua da Gipuzkoarentzat Lagun Onakek Hirugarren Mailan jarraitzea, baita Azkoiti-Azpeitirako ere; izan ere, aparta da derbiek sortzen dutena. Espero dugu bihar 20:00etan garaipena ospatzen egotea".

Anaitasuna, lasaiago

Bestalde, Azkoitiko Anaitasuna futbol taldeak lasaiago hartuko du asteburua. Joan den igandean, matematikoki mailari eustea ziurtatu zuen Xabi Artetxe entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak. Hain justu, Azkoitikoen entrenatzaileak azaldu du urtea osorik hartuta denboraldia ez dela "txarra" izan, baina ezta "ona edo biribila" ere.

Gorritxoen helburu nagusia mailari eustea izan da, eta lortu dute. "Mailari matematikoki ligako azken bigarren neurketan eutsi badiogu ere, estutasun handirik igaro gabe lortu dugu helburua betetzea". Entrenatzailearen esanetan, taldeak ez zuen helburu garbirik jarri denboraldiaren hasieran. "Aurreko bi denboraldietan, taldeak ondo lehiatu izan du. Aurten, sasoia motza izan da hamasei talde ginelako, eta indartsu hasi eta horren arabera helburuak markatzen joatea nahi izan dugu", adierazi du.

Taldearen denboraldiaurrea "ez zen oso ona izan" entrenatzaile azkoitiarrarentzat, eta denboraldi hasieran ere "kostatu" egin zitzaien puntuak eskuratzen hastea. "Egoera horrek puntu beharra sortu zuen taldean. Etxean lortu ditugu puntuak, batik bat; etxetik kanpo asko kostatu zaigu", esan du hark.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide