Gutuna

Juaristiko langileak, herritarrok erabakitzeko eskubidearen alde

Juaristi enpresako langileak 2023ko api. 20a, 09:00

Juaristiko hainbat langile. (Juaristiko langileak)

Azkoitian dagoen Juaristi enpresako hainbat langile azkoitiarrek, azpeitiarrek, errezildarrek eta zestoarrek honako gutun hau igorri dute, Sañoa eta Oleta mendietan egin nahi dituzten Piaspe eta Buruzai proiektu eolikoak gaitzesteko.

Juaristiko langileak Oletako Buruzai proiektuaren eta Sañuko Piaspe proiektuen aurka azaltzearen arrazoiak:

1. Erabakitzeko eskubidea:

Idatzi honen bidez aldarrikatu nahi dugu Sañun eta Oletan egiteko asmoa duten eolikoen gainean Azkoitiko, Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako herritarrok daukagun erabakitzeko eskubidea. Ez dugu inolako kanpotiko esku sartzerik onartu nahi. Gaur egun bizi dugun eredu kapitalista honek kendu digun erabakitzeko ahalmena berreskuratzea da gure helburua eta ez dugu politiko profesionalek gure izenean erabakiak hartzerik nahi, are gutxiago, kasu honetan gertatzen ari den bezala, profesional hauek esku-hartzea egingo den lekuaren ezagutza sakonik ez dutela dakigunean.

Honen aurka, lehenengo urratsa eztabaida herrietara eta auzoetara eramatea litzateke eta horren alde borrokatuko dugu, langileok, herri honen gehiengoa izanik, erabakitzeko ahalmena berreskuratu beharra baitaukagu, gizarte honek urteetan zehar kendu digun ahalmena, hain zuzen.

2. Eredu aldaketa:

Kapitalismo berdearen aurkako borroka eta gure ondare naturalaren aldekoa aldarrikatzen dugu.

Neoliberalismoak markatu digun Green New Deal norabide honek, kapitalismo berde honek, etorkizun jakin batera garamatza: gutxiengo batzuen aberastasunera. Izatez suntsitzailea delarik, eredu kapitalisten aurka gaude eta kasu honetan ere argi dago energia berriztagarriena aitzakia hutsa dela batzuek dirua ateratzeko.

Honela, irtenbide bakarra herritarren burujabetzan legoke eta, herritarrak erdigunean kokatuta, gure herrietarako eredu propio bat osatzean, alegia. Plan energetikoak ez ditu soilik elektrizitatea eta gasa arautzen, hauez gain, ekoizpen eredu bat, garraio eredu bat, elikadura ekoizpen eredu bat... barnebiltzen baititu. Gure nahia, prozesu hauek energia- oligopolioko enpresa handien eskuetatik aldendu eta herri langilearen eskuetara pasatzea da.

3. Elikadura burujabetza:

Tokian ekoizten dena, tokian kontsumitu.

Elikadura alorrean ez da apusturik egiten 0 kilometro eta ekoizpen ekologikoko produktuen alde, makro-etxaldeak eraikitzearen aldeko hautua egiten delarik, oro har. Horrek arazo argia eragiten du, ez baita jasangarria elikagaiak munduaren punta batetik bestera eramaten aritzea, eta horrek energia kostu izugarria eragiten du.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen diren elikagaien %90-ak kanpoko jatorria dauka, eta energia kontsumo hau berriztagarriekin asetzea ez da bideragarria luzera. Irtenbidea argia da: euskal biztanleria Euskal Herriko produktuekin elikatzea.

4. Energia publifikatu:

Diru publikoarekin eraikitako azpiegituren pribatizazioaren aurka gaude.

Ez dago enpresarik (ez Capital Energy, ez Statkraft) herri jabetzako proiekturik bideratuko duenik. Horretarako ehuneko ehun publikoa izango den eredua bultzatzea beharrezkoa iruditzen zaigu.

Euskal Herriaren menpekotasun energetikoari aurre egiteko ezinbestekotzat jotzen dugu Euskal Herrian bertan, bertakoen eskutik, energia berriztagarriak ekoiztea. Subiranotasun energetikoa ez baita lortuko prozesu hauetan, honelako proiektuak kanpoko enpresa baten esku utzita. Herritarren parte hartzea ezinbestekoa da, eta ez da ordezkagarria.

Egun, ez da apustu egiten energia publifikatzeko, ez eta ekoizpenak, banaketak eta komertzializazioak esku publikoetara pasatzeko. Aitzitik, apustua poligono handiak jartzea izan ohi da, bai eolikorako eta bai eguzki energiarako, kapital handiei, eta herritarren behar energetikoak kontuan hartu gabe, men egiten dietenak.

5. Nekazaritzarako eremuen berreskurapena:

Landa eremuen okupazioaren aurka gaude (Oletan eta Sañun 200metrotik gorako errotak jartzea, besteak beste).

Ez da beharrezkoa poligono eolikoak bioaniztasuneko eremuetan ekoiztea, ezta poligono fotovoltaikoak ere. Berriztagarriak ezarri behar diren kasuetan, lurzoru industrialen kudeaketan egin behar da apustua, mendien industrializazioen ordez, eredu deszentralizatu baten plangintzarako bidea eraikiz.

Landa eremuak esku pribatuetan utzita burujabetza-galera izugarrian sartzen gara, era honetan, gainera, nekazaritzarako eremu asko atzerriko esku pribatuetan erortzen ari dira, aipatutako elikadura-burujabetzarako aukerak murriztuz.

6. Kontsumoa gutxitu beharra:

Gaur egungo eredu eta kontsumo maila mantentzea ezinezkoa da energia berriztagarriekin.

Sañu inguruko proiektuak "Gipuzkoako argindar kontsumoaren %1ari baino ez dio erantzungo eta Oletakoak, Azkoitiko kontsumoaren %6ari baino ez".

Argi dago mundu globalizatu honetatik beste errealitate batera pasa beharko dugula, askoz gertuagokoa, lokalizatuagoa, gizatiarragoa. Edozein plan garatu aurretik, ezinbestekoa iruditzen zaigu kontsumoa murrizteko neurriak hartzea, ezin baitugu gizarte fosil bat energia berriztagarriekin ordezkatu. Adibide gisa, Euskal Herriak 200 metroko 1.580 errota eoliko beharko lituzke egun duen kontsumo elektrikoa asetzeko (energia kontsumoaren %24 baino ez).

Arrazoi hauek guztiengatik, gure eskaera Sañu eta Oletako parke eolikoen proiektuak geldiaraztea izango litzateke, eta lau herrietan benetako energia berriztagarrien plan bat proposatzeari ekin. Herrian eta herritarrekin erabaki beharreko kontua dela iruditzen zaigu eta, beraz, ezin dela etekin ekonomikoa soilik bilatzen duten enpresen ardurapean utzi erabakia.

Sañu eta Oletan eolikorik ez.

Energia berriztagarriak bai, horrela ez.

Energia trantsizio justu eta eraldatzailea.

Azkoitiko, Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako herritarrok erabakitzeko eskubidea, inposaketarik ez.

Nekazari lurretan eta mendietan industrializaziorik ez.

Gure subiranotasun energetikoa esku pribatuetatik kanpora.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide