Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak atzo, asteartez, egin zuen 2023. urteko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren zozketa, Donostian. Eskualdeko bost herrik parte hartuko dute txapelketa horren modalitate desberdinetan: Azkoitiak eskuzkoan eta gomazko paletako txapelketetan parte hartuko du; Azpeitiak eskuzkoan eta pala motzeko txapelketetan; Zestoak eskuzkoan eta gomazko paletan; Zarautzek gomazko paletakoan, eta Zumaiak zesta-puntako txapelketan. Eskualdeko talde guztiek maiatzeko bigarren asteburuan (maiatzak 12, 13 edo 14) hasiko dituzte txapelketak.
Eskuzkoan, Azkoitiak Aduna izango du aurkari, Azpeitiak Larraul eta Zestoak Tolosa. Gomazko paletako txapelketan, Azkoitiak Deba izango du arerio, Zarautzek Donostiaren aurka jokatuko du, eta zestoarrek eta zumaiarrek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak. Pala motzeko modalitatean, Azpeitiak Deba izango du lehiakide lehen kanporaketan. Zesta-puntan, berriz, Zumaiak Hondarribia eta Mutriku izango ditu aurkari.
Azkoitiak inork baino gehiagotan irabazi du eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa –hamasei, guztira–, eta Azpeitia da bigarrena, txapelen erdiekin (zortzi). Final zortzirenetan ekingo diote eskualdeko hiru herriek txapelketari; Azkoitiak Adunan jokatuko du joanekoa, Azpeitiak Larraulen eta Zestoak etxean hartuko du Tolosa.
Gomazko paletako txapelketan, Azkoitiak orain arte jokatutako lau txapelketetatik hiru bereganatu ditu. Hain zuzen, Deban jokatuko du herri horrek final zortzirenetako joanekoa. Aldiz, Zarautzek etxean hartuko du Donostia, eta Zestoa-Zumaia arteko lehia zestoarren etxean hasiko da. Pala motzeko txapelketa Azpeitiak etxean hasiko du Debaren aurka, eta zesta-puntan, Zumaiak Hondarribian hasiko du ligaxka.
Hona hemen lau modalitateetako txapelketen taulak:
Eskuzko txapelketaren taula:

Gomazko paletako txapelketaren taula:

Pala motzeko txapelketaren taula:

Zesta-puntako txapelketaren taula:
