Galdakaoko (Bizkaia) PSE-EEren salaketarekin abiatutako ekaitz politikoak eta mediatikoak Azpeitiko eta Orioko udalak ere harrapatu du.
Galdakaoko Udalaren memoria historikoaren webgunean ETAren biktimak eta etakideak giza eskubideen urraketak pairatu dituztenen artean maila berean agertzen direla iritzita, PSE-EEko zinegotzi batek ETAko kideak webgunetik kentzeko eskatu zuen asteartean. Gaiak oihartzun handia izan du, eta Galdakaokoaren antzeko webguneak dituzten hainbat udal zipriztindu ditu, webguneen eta horietan jasotako azterketez arduratu den Aranzadi zientzia elkartearen lana ere jopuntuan jarrita.
Besteak beste, webgune horiek zuzentzeko edota ixteko eskatu dute, sozialistek ez ezik, EAJk, Podemosek edo PPk. Eta gaur, Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaritzak eskakizuna egin die sei udali, bakoitzak bere oroimenaren webgunetik "ETAren biktimen eta kideen arteko parekatzea" ken dezan, Azpeitia eta Orio dira sei udal horietako bi; Galdakao (Bizkaia), Oiartzun, Hernani eta Villabona-Amasa (Gipuzkoa dira beste laurak. EH Bildu dago Udal Gobernuan seietan.
Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren esanetan, oroimenaren webguneotan "ETAko kideak talde terroristak hildakoekin homologatzen dira, eskubideen urraketak jasan zituztela iritzita eta gatibutza gisa definitzen delako estatu demokratiko eta zuzenbidekoaren auzitegiek ezarritako zigorren ondorioz espetxean egotea". Erakunde horrentzat, ez da onargarria "terrorismoaren aurkako borrokan botere publikoen bidezko jarduketen xede" izan direnak biktimatzat hartzea, eta Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Osorik Babesteari buruzko Legea urratzen du horrek. Ondorioz, "ETA talde terroristako kideak, justiziatik ihes egin dutenak edo terrorismo delituagatik zigortutakoak" webguneetatik kentzeko eskatu die Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak aipatutako sei udalei, "baldin eta haien izenak biktima izenekoen artean sartu badituzte".
Auzitarako mehatxuarekin osatu du eskaera Denis Itxaso buru duen ordezkaritzak. Hilabeteko epea eman die sei udalei eskatutako betetzeko; epe horretan horrela egin ezean, Estatuaren Abokatutzak "dagozkion ekintzak" abiaraziko dituela aurreratu du Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak.
Udalek adierazpenik ez
2020ko irailean aurkeztu zuten Azpeitiko Udalak eta Aranzadik Azpeitiko oroimenaren webgunea. Aurkeztu zuten momentuan, 1936tik ordura arte Azpeitian giza eskubideen urraketak pairatutako 777 herritarren kasuak zeuden webgunean jasota. Informazioa osatzen joan dira harrezkero, eta gaur-gaurkoz 815 pertsona agertzen dira biktimen zerrendetan.
Oriooroimena.eus webgunea, berriz, gaur lau hilabete aurkeztu zuten, 2022ko abenduaren 14an. 1936tik gaur arte herrian izan diren giza eskubideen urraketak jasotzen ditu Interneteko atariak; Aranzadik eta Iñaki Iturain oriotarrak egindako ikerketetan oinarrituta, 279 herritarren izenak ageri dira bertan gaur-gaurkoz.
Azpeitian zein Orion, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren eskaera dela-eta momentuz adierazpenik ez egitea erabaki dute udalek. Bi erakundeek aurreratu dute, hori bai, "gaia aztertzen" ari direla.