GRI Castings enpresa ez ixteko, auzian esku hartzeko eskatu diete langileek erakunde publikoei

Nerea Uranga 2023ko apirilaren 6a

GRI Castingseko langileen konzentrazioa, atzo Zumaian Itzulia handik igarotzen ari zen bitartean.

GRI Castingseko Enpresa Batzordea Jaurlaritzako Industria sailburuordetzarekin bildu da, baita beste behin Zestoako Udalarekin ere. Enpresa ez ixteko eta 61 langile kaleratzea saihesteko esku har dezatela eskatu diete. Apirilaren 14rako manifestazioa deitu dute Zumaian.

GRI Castingseko Enpresa Batzordea Eusko Jaurlaritzako Industria Sailburuordetzarekin bildu zen atzo, "enpresak bizi duen egoera salatzeko eta gai horretan esku har dezala eskatzeko, enpresa ixtea eta 61 pertsona kaleratzea saihesteko". ELA sindikatuak adierazi duenez, Industria Sailburuordetzari neurriak har ditzala eskatu diote GRI Castingseko  langileen ordezkariek: "Horrelako egoerak saihesteko, eta erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu zaio, enpresan industria politika eta lanpostuak bermatzeko".

Jaurlaritzako ordezkariekin biltzeaz gainera, Zestoako Udalarekin ere bildu ziren atzo GRI Castingseko langileak: "Udalari ere Jaurlaritzari azaldutako mezu bera helarazi diogu, gogoraraziz GRI Castings Zestoan dagoela".

GRI Castingseko langileek enpresa ez ixteko eta lanpostuei heltzeko borrokan jarraitzen dute. Atzo, esaterako, Euskal Herriko Itzuliaren etapa lantegitik gertu igarotzen zela aprobetxatuz, eguerdian Zumaiako sarrerako biribilgunean kontzentrazioa egin zuten. Enplegua erregulatzeko espedientearen hurrengo negoziazio bilera apirilaren 13an dutela azaldu dute: "Enpresa Hitzarmenean adierazi da plantaren jarraikortasunaren eta arriskuan dauden lanpostuen aldeko apustua egiten jarraituko dela". Apirilaren 14rako, berriz, manifestaziora deitu dute enpresako langileek Zumaian, 19:30ean, Beheko Plazatik hasita.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide