Saretzen

Hogei urtean ia boskoiztu egin da Urola Kostako atzerritarren kopurua

Aitziber Arzallus 2023ko api. 5a, 08:55

Hogei urtean asko hazi da Urola Kostan bizi diren atzerritarren kopurua, eta gaur egun, biztanle guztien %9,5 atzerritarrak dira. Jatorriko kontinenteari dagokionez, duela bi hamarkada bezalaxe, amerikarrak dira gehienak, alde handiz. Afrikarrena da bigarren talderik handiena, hazkunde indartsua izanda gainera. Europarrak daude hirugarren tokian, baina hogei urtean nabarmen txikitu da atzerritar guztiekiko horien proportzioa. Asiarrak, ostera, talderik txikiena dira, baina asko ugaritu dira.    

Gauza jakina da Urola Kostan duela hogei urte baino atzerritar gehiago bizi direla. Kalera ateratze hutsa nahikoa da horretaz jabetzeko. Eta ez dago salbuespenik: eskualdeko herri guztietan ugaritu dira jaiotzez beste herrialde batekoak diren biztanleak. Baina zenbat dira? Eta nongoak dira horiek? Duela hogei urte Urola Kostan bizi ziren atzerritarrek eta gaur egungoek jatorri bera al dute? Galdera horiei eta beste hainbati erantzuteko eta eskualdeko panorama nolakoa den ikusarazteko saiakera egin du hedabide honek, datu objektiboetan oinarrituta.

2002an, 67.642 lagun bizi ziren Urola Kostan, eta horietatik %2,4k ez zuten espainiar herritartasunik; 1.629 lagunek, alegia. 2021ean, berriz, 76.231 herritar bizi ziren eskualdean, eta horietatik %9,5 ziren espainiar nazionalitaterik ez zutenak; 7.825 herritar, hain zuzen. Beraz, hogei urtean %12,7 hazi da Urola Kostan bizi diren herritarren kopurua, eta ia boskoiztu egin da eskualdean bizi diren atzerritarrena.

Eskualdea osorik hartuta, Amerika izan da beti Urola Kostako atzerritar gehienen jatorriko kontinentea. 2002an, eskualdean bizi ziren atzerritarren %46 Amerikan jaiotakoak ziren, eta hogei urte geroagoa, berbera zen ehunekoa. Zenbaki absolutuetan, ordea, bi hamarkadatan laukoiztu baino gehiago egin da Urola Kostan bizi diren amerikarren kopurua: 2002an, 761 lagun ziren; eta 2021ean, 3.332 lagun.

Amerikarren atzetik, afrikarrak dira egun Urola Kostan bizi diren atzerritarrik gehienak, baina hori ez da beti horrela izan. 2002ean, europarrena –espainiarrak aparte utzi– zen bigarren talderik handiena, eta afrikarrena, hirugarrena. Duela hamar bat urtetik hona, ordea, afrikarrak gehiago dira, europarrak baino. 2002an, europar jatorriko 370 lagun bizi ziren eskualdean, eta atzerritar guztien %32 ziren horiek; 2021ean, berriz, 1.248 ziren, atzerritar guztien %19,1. Afrikarrei dagokionez, 2002an, 305 lagun bizi ziren Urola Kostan, eta atzerritar guztien %18,1 ziren horiek; eta 2021ean, 1.549 lagun ziren, atzerritar guztien %24,3.

Eta horiez gain, asiar jatorriko herritarrak ere badira eskualdean. Jatorri kontinenteari dagokionez, talderik txikiena ziren 2002an zein hogei urte geroago, baina zenbaki absolutuetan asko hazi da haien zenbatekoa: 2002an asiar jatorriko 45 lagun baino ez ziren bizi Urola Kostan, eta 2021an, 705 lagun ziren.   

Atzerritarren jatorriko herrialdeari dagokionez ere, aldaketa nabarmenak izan dira hogei urteotan, baina orokorkerietan erortzea akatsa litzateke, eskualde beraren barruan ere, zonalde batetik bestera eta herri batetik bestera alde handiak baitaude. Horregatik, herriz herriko datuak xehatuta emango ditugu erreportaje honek bigarren zatian.

Kopuruari dagokionez, zenbaki absolutuetan, Zarautzen bizi dira espainiar nazionalitaterik ez duten herritarrik gehien. Logikoa ere bada hori, Zarautz baita eskualdeko herririk handiena. Herritar guztiekiko atzerritarren proportzioa, ordea, Urola Kostako batez bestekoa (%9,5) baino txikiagoa da han (%8,5). Eta Aizarnazabal, Zumaia, Aia, Errezil eta Beizama ere batez bestekoaren azpitik daude.

Aldiz, eskualdeko batez bestekoaren gainetik daude Azpeitia, Zestoa, Orio, Getaria eta Azkoitia, eta hain zuzen ere, Azkoitia da biztanle guztiekiko atzerritarren proportzio handiena duen herria: %11,7. Dena dela, Gipuzkoan badira ehuneko handiagoa duten herriak: Ordizia (%18,8), Irun (%15,4), Beasain (%14,6), Eibar (%13,2) eta Donostia (%12,8), besteak beste.

Metodologia

Grafiko hau egiteko, EITBk eta Tokikomek Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako (INE) udal-erroldei buruzko datu demografikoak bildu, prozesatu eta aztertu dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako datu guztiak deskargatu dira, eskualdeka eta udalerrika banatuta, 2002tik 2021era; azken urte hori erakundeak 2022ko urtarrilaren 1ean argitaratutako erroldei buruzko datuei dagokiena izan da. Immigrantearen jatorria zehazteko , INEk pertsona horien jaioterriak jasotzen ditu, herrialde bakoitzeko komunitate handietan multzokatuta. Hala ere, kasu batzuetan ezin izan da identifikatu jaiotzaren leku zehatza, eta, beraz, jatorrizko kontinentearekin batera katalogatu dira “Besteak” atala zehaztuta. Datuak antolatu ondoren, immigrazioaren joerak eta bilakaerak identifikatzeko aztertu dira, bai nazio-mailan, bai toki-mailan. Prozesu horretan, hainbat bistaratze egin dira balizko istorioak aurkitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide