More-morea dator martxoko bazkideen txokoa

Erredakzioa 2023ko martxoaren 27a

Hileroko txokoan hainbat zozketa izaten ditugu, eta orain gutxi Martxoaren 8a Nazioarteko Emakumearen Eguna izan dela eta, Txokoa More bihurtu da: Malen Pazos artistaren eskutik lamina eta tote bag-a ditugu, eta Txalaparta argitaletxearen eskutik, berriz, feminismoa edo emakumea ardatz dituzten bi liburu; Emakume bat eta Iruleak.

Hemen da martxoko bazkide txokoa, eta oraingoa more-morea dator. Izan ere, Nazioarteko Emakumearen Eguna izan da Martxoaren 8a, eta hori dela eta, Txokoa More bihurtu da. Honako produktuak zozkatuko dira martxoko bazkide txokoan:

  • Malen Pazos artistaren lamina eta tote bag-a ilustrazio bereziekin
  • Emakume bat liburua
  • Iruleak liburu ilustratua

Batetik, Dinagu izeneko emakume sortzaileen kolektiboko den Pazosen lamina eta tote bag-a. Eta bestetik, Txalaparta argitaletxearen feminismoa edo emakumea ardatz duten liburuak: Emakume bat eta Iruleak.

Liburuei dagokienez, Annie Ernaux idazlearena da Emakume bat izeneko liburua, eta honela dio sinopsiak: "Gorputza eta memoria apurka-apurka hustu dizkion gaixotasun luze baten ostean, Annie Ernauxen ama zahar-etxe batean hil da. Herio hurrenean, idazlea amaren bizitzaren ispilu hautsiaren puskak batzen eta osatzen saiatuko da, eta ariketa literario horrek amarekiko anbibalentzia sentimenduak sortuko dizkio: maitasuna, gorrotoa, errukia, tristezia, ulertu ezina… Hala, bada, alabaren kontakizun gordinean, bi emakumeen historia pertsonalek talka egiten dute eta, aldi berean, gainjartzen dira".

Iruleak liburu ilustratua, berriz, Garazi Albizuak idatzi du eta Olga Carmonak ilustratu, eta hau da sinopsiak: "Hiru dira iruleak: Kloto, Lakesis eta Atropos. Beldurgarriak, boteretsuak eta independenteak. Gizakien patuaren jabe eta gidari? Baina, hargatik, Lurrean aspaldi ahaztuak. Asper-asper eginda, Klotok jolas tentagarri bat proposatu die ahizpei: ehuntzeko hariak hartu, eta lurtar baten bizitzan eragingo dute. Lurrean, Dickensen Eguberri kanta ezagunean bezala, Mar gazteak hiru mamuren bisita izango du. Ez da Gabon gaua, ordea, eta bisitariek ez diote alegiazko irakaspenik eman nahi; behinola bizi izan ziren emakume esanguratsuak dira: Margaret Fuller, Margarita Nafarroakoa eta Ines Joyes y Blake. Emakume beldurgarriak, boteretsuak eta independenteak, inondik inora ahaztu behar ez genituzkeenak. Garazi Albizuaren testu iradokitzaileak eta Olga Carmonaren ilustrazio indartsuek gidatuko gaituzte istorio irudimentsu honen bilbean, historia eta fantasia abilezia handiz harilkatuz". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide