Laburbira, eskualdera iristear

Onintza Lete Arrieta 2023ko mar. 21a, 11:02

IƱake Irastorza aktore oriotarra, ezkerrean, Muskil filmaren grabazioan. (Utzitakoa)

Euskarazko film laburren zirkuituak Hego Euskal Herriko 32 herritan hartuko du lur; tartean, Azpeitian eta Getarian. Igande honetan emango dituzte filmak Azpeitian, eta apirilaren 2an, berriz, Getarian.

Laburbira egitasmoak urteurren borobila du aurten: hogeigarrena. Euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria da, eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru aldundien eta EHUren babesarekin. Horrez gain, Tokikomen laguntza ere badu. Hala, urtero, hilabetez, herriz herri erakusten dituzte euskarazko hainbat lan –zazpi film labur oraingoan–, eta aurten, 34 emanaldi eskainiko dituzte 32 herritan. Jada martxan da egitasmoa, martxoaren 6an hasi baitzuen bidea. Gipuzkoan hamazazpi herritan emango dituzte filmok, tartean, eskualdeko bi herritan: Azpeitian eta Getarian.

Azpeitian igande honetan, hilak 26, jarri dute hitzordua, eta 19:00etan hasiko dira ikus-entzunezkoak eskaintzen, Sanagustin kulturgunean. Getarian, berriz, apirilaren 2an erakutsiko dituzte filmak, han ere 19:00etatik aurrera, Iturzaeta aretoan.

Gainera, eskualdeko aktoreak ikusteko aukera izango da film laburretan; ibilbide oparoa duten Iñake Irastorza oriotarra eta Itziar Aizpuru getariarra nahiz Angela Etxaniz azpeitiar gaztea, hain zuzen ere. 

Gai anitzak zazpi filmetan


Aukeratutako filmek askotariko gaiak jorratzen dituztela eta proposamen anitzak garatu dituztela azpimarratu dute antolatzaileek. Muskil filmean, esaterako, tratu txarrak izango dituzte hizpide, baserri giroarekin nahastuta eta belaunaldi desberdinetako emakumeak protagonista hartuta. Hain justu, aurrez aiptautako Irastorza da film horretako aktore nagusia, Jose Ramon Soroiz ezagunarekin batera. Zuzendaria, berriz, Marina Perosanz zinemagilea da.

Olatuen isiltasuna filmean, bestalde, protagonistak beti herri bereko kale berak zeharkatuko ditu zerbait edo norbait bilatzeko asmoarekin. Filmak Kameratoia ikus-entzunezkoen rallya irabazi zuen iaz, eta Maria Bartolomek, Erik Camposek eta Fernando Martinek zuzendu dute.

Maider Oleaga zuzendariaren Irrits filma ere emango dute Laburbiraren barruan. Lan horrek udalekuetan begirale diharduten 17 urteko bi neskaren amodio istorioa kontatuko du. Etxaniz azpeitiarra da film horretako protagonistetako bat.

Leire Egaña zuzendariak, berriz, Erlojupekoa izeneko lana ondu du Udalbiltzaren Geuretik Sortuak sormen beka egitasmoaren barruan. Bertan, astronautaz jantzitako rider baten istorioa eskainiko die ikus-entzuleei.

Josu Martinezen Hitzak da zirkuituko beste film laburretako bat. 1966. urtera eramango ditu lanak ikus-entzuleak, Bizkarsoro izeneko herrixkara, eta hitzek eta hizkuntzek izango dute protagonismoa.

Asko falta da? izeneko lanean,  neska gazte bat asteburu pasa joango da lagun talde berri batekin, eta egun batetik bestera, gau bakar batean, dena aldatuko da. Ane Cuesta zuzendariaren ikus-entzunezkoa da. 

Azkenik, Koadro gorriari heldu film laburra ere sartu dute aurtengo Laburbira zirkuituan. Julen Aranaren filma da hori, eta zahartzaroa eta bakardadea ditu hizpide, baita laguntasuna ere. Aizpuru getariarra da protagonista, eta aktoreen artean dago Olatz Beobide ere, besteak beste. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide