Edinorren TEK eredua duten tokiko energia komunitate bana abiatzeko prozesua hasita dute Aizarnazabalen eta Beizaman. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak 2,8 milioi euro bideratuko ditu tokiko 22 energia komunitate berri eratzeko, eta lurraldeko 5.000 biztanletik beherako hogei udalerritan sortuko dira horiek; tartean, Aizarnazabalen eta Beizaman. Edinorrek eta Viuda de Sainzek osatutako ABEEak kudeatuko ditu tokiko energia komunitate horiek.
Aizarnazabalen joan den asteartean, otsailaren 21ean, aurkeztu zuten jendaurrean tokiko energia komunitatea. Eredu horrek energia berriztagarrien autokontsumo partekatua du oinarrian, eta energia sortzeko instalazio fotovoltaikoak udalak utzitako eraikinetan jarriko dituzte; Aizarnazabalen kasuan, eskolaren eta pilotalekuaren teilatuetan. Tokiko energia komunitateko bazkide izateko aukera energia sortzeko instalazio horietatik bi mila metrora dauden etxebizitzetakoek izango dute, eta elektrizitate fakturan %25eko murrizketa izango dute. Eguzki plakak jartzeko obrak uda bitartean egiteko asmoa dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Aizarnazabalgo Udalaren artean hitzarmena eginda dute tokiko energia komunitatea ahalbidetu ahal izateko, Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkatearen arabera: "Energia komunitatea sortzeko interesa bagenuen, eta Foru Aldunditik eskaintza egin ziguten, eta baiezkoa eman genuen. Tokiko energia komunitatearen (TEK) sozietatea sortzeko udalak eta Aldundiak hitzarmen bat egin dute. Orain, energia komunitatean herritarrek izena emateko epea zabaldu dute". Aizarnazabalen herriko eskolaren eta pilotalekuaren gainean jarriko dituzten plaka fotovoltaikoekin 130 etxerentzako energia sortzea aurreikusita dute.
Aizarnazabalgo nahiz Beizamako tokiko energia komunitateetan izena emateko edota informazio zehatza eskuratzeko interesa duten herritarrek 946-85 63 12 telefono zenbakira deitu edota Gipuzkoako TEKen webgunean eman dezakete izena.