Lilatoira joateko doako autobusak jarri dituzte eskualdeko hainbat herritan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko otsailaren 27a

Iazko Lilatoian eskualdeko dozenaka lagunek hartu zuten parte. (UKT)

Igande goizean egingo dute lasterketa eta Getariatik, Zarauztik eta Zumaiatik antolatu dituzte joan-etorriak. Zumaian, hori bai, dagoeneko itxi dute izen-ematea.

Lilatoiaren 33. edizioan parte hartu behar duten Getaria, Zarautz eta Zumaiako emakumeek Donostiara autobusez dohain joateko aukera izango dute. Lehen bi herrietan, udalek antolatuta eskainiko dute zerbitzua eta baliatu nahi duten korrikalariek aurrez eman beharko dute izena. Getarian, Sahatsaga Kiroldegian edo Harritarten eman dezakete izena interesdunek asteazkena baino lehen eta Zarautzen ostegunera arte dute Aritzbatalde kiroldegiko harreran izena emateko. Autobusa lasterketa hasi baino ordu eta erdi lehenago abiatuko da bi herretan, 09:00etan alegia: autobus geltokitik Getarian eta kiroldegi aurreko biribilgunetik Zarautzen.

Zumaian, berriz, Emekumeon* Etxeak antolatu du autobusa eta izen emateko epea itxi dute jada. 09:15ean abiatuko da Txomin Agirre kaiko autobus geltokitik. Horrez gain, bazkaria ere egingo dute Zumaiara itzulitakoan. 14:30ean jarri dute hitzordua Emakumeeon* Etxean eta korrika egin ez dutenek ere hartuko dute parte txartela erosi badute. Joan den otsailaren 15ean itxi zuten bazkarian izena emateko epea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide