Osakidetzako sindikatuek deituta, anbulatorio atarietan protestak egin dituzte gaur eguerdian

Andoni Elduaien 2023ko ots. 21a, 16:21

Azkoitiko eta Zumaiako gaurko elkarretaratzeetako irudi bana. (Andoni Elduaien eta utzitakoa)

Eskualdean, besteak beste Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian elkarretaratu dira SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Larunbatean manifestazioak egingo dituzte Donostian, Bilbon eta Gasteizen; Donostiakoa Bulebarrean hasiko da, 12:00etan.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, ospitaleetako eta anbulatorioetako osasun langileek elkarretaratzeak egin dituzte gaur eguerdian. Eskualdean, besteak beste Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian elkarretaratu dira anbulatorioen atarietan.

Minutu batzuetako etena egin dute, "Osakidetza defendatzeko eta osasun publikoa desegitearen aurka". Osakidetzako langileek beraien gaur egungo egoera zein den jakinarazi dute ohar bidez, eta azaldu dute "%50etik gorako behin-behinekotasun tasa" dutela lantaldean. Era berean, nabarmendu dute hamarkada batean "%20tik gorako eros ahalmena galdu" dutela Osakidetzan; lan-gainkarga "sistematikoa" dela; lantalde urria dutela, eta ondorioz, ordezkapenik ez dutela; lanpostu hutsak ez direla betetzen; eta, lan baldintzetan murrizketak dituztela.

Azken kontu horren harira, adierazi dute Garapen Profesionalean "murrizketa erradikala eta justifikaziorik gabea" aplikatu nahi dutela, eta horiek zein diren jakinarazi nahi izan dute sindikatuek ohar bidez. Azaldu dute Etengabeko Arretako Guneak (EAG) itxi dituztela Deustun (Bilbo), Zumarragan (Gipuzkoa) eta San Martinen (Donostia), eta gauza bera egin dutela Gasteizko Santiago ospitaleko larrialdiekin. Bilboko Basurtuko bihotzeko kirurgia atala ixteko proiektuak aurrera jarraitzen duela ere esan dute, eta oporraldietan "murrizketak etengabeak" direla lehen mailako arretan.

Irudian, Azpeitian gaur eguerdian anbulatorio aurrean egin duten elkarretaratzea. (Mailo Oiarzabal)

Hain zuzen, lehen mailako arretaren egoera "bereziki prekarioa" dela diote sindikatuek, eta horrek beste asistentzia maila batzuetan "eragin zuzena" duela, besteak beste, ospitaleetako larrialdietan. "Larrialdietan gero eta gainkarga handiagoa dago. Osakidetzaren kategoria guztietan eta hiru lurraldeetan eragina duten egiturazko arazoak daude", azaldu dute.

Mahai sektoriala "erabat blokeatuta" dagoela ere jakinarazi dute sindikatuek, eta 2023. urterako osasunera bideratutako aurrekontua iaz gastatutakoa baino "hogei milioi txikiagoa" dela azpimarratu dute. Horri lotuta, herritarrei eskaintzen zaien osasun laguntza eskuratzea "gero eta zailagoa eta kalitate txarragokoa" da sindikatuen iritziz. "Lehen mailako arretako hitzorduek atzerapen handia dute, eta batzuetan, ez dago bermatuta aurrez aurreko arreta; EAGak ixteak edo horien ordutegiak murrizteak joan-etorri luzeagoak egitera behartzen ditu pazienteak. Gainera, ospitaleetako larrialdietako batez besteko itxaronaldia bost ordukoa da, eta bi egunetara ere heltzen da gaixoa artatu ondoren plantara eramateko epea".

Horrez gain, azaldu dute kanpo kontsulta baterako zain dauden pazienteen kopurua "sei aldiz biderkatu" dela sei urtean, proba diagnostiko baten zain dauden gaixoena "bikoiztu" egin dela 2019tik, eta kirurgien itxaron zerrendak "%36 hazi" direla hiru urtean. "Osakidetzak onartu du 11 hilabeteko atzerapena dagoela bularreko minbiziaren behaketetan, eta ebakuntza egiteko zain dauden pazienteek hilabete bat itxaron behar dutela. Osasun aseguru pribatuen kontratazioek gora egin izana da Osakidetzaren eraispenaren ondorioetako bat", adierazi dute.

Gaurko mobilizazioen ondoren, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek manifestazioak deitu dituzte datorren larunbaterako, otsailak 25. Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo dituzte manifestazioak. Donostiakoa Boulevar parean hasiko da, 12:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide