Gaztea sariak lortzeko hautagaiak dira Bulego eta Ezpalak musika taldeak

Andoni Elduaien 2023ko otsailaren 14a

Bulego musika taldeko kideak. (Bulego)

Azkoitiko eta Zestoako musika taldeek hainbat sari lortzeko hautagaiak dira. Talde edo bakarlari onenaren saria, abesti onenarena eta fandom onenaren saria jasotzeko hautagaia da Bulego, eta bideoklip onenaren saria jasotzeko hautagaia Ezpalak. Sariak martxoaren 2an banatuko dituzte Bilbon, baina publikoak ebatziko ditu sariak boto bidez.

Gaztea sariak irabazteko hautagaiak dira Azkoitiko Bulego eta Zestoako Ezpalak musika taldeak. Joan den astean iragarri zituen Gaztea irratiak sariak jasotzeko hautagaiak, eta publikoak atzoz geroztik du zazpi kategorietako bakoitzean saria nork eramango duen erabakitzeko aukera. Gaztearen webgunean eman daiteke hautagairen baten aldeko botoa, otsailaren 22a arte. 

Hiru sari jasotzeko hautagaia da Bulego: talde edo bakarlari onenaren saria, abesti onenaren saria (Bulego eta Marenen Ezer ez da berdina abestiagatik) eta fandom onenaren saria; azken sari horrekin zale gehien mugitzen dituen taldea edo artista sarituko dute. Ezpalak taldea, berriz, bideoklip onenaren saria jasotzeko hautagaietako bat da.

Martxoaren 2an banatuko dituzte Gaztea sariak, 19:30etik aurrera, Bilboko Euskalduna jauregian. Dagoeneko agortuta daude ekitaldia bertatik bertara jarraitzeko gonbidapen guztiak. Dena den, ekitaldia streaming bidez jarraitzeko aukera izango da, Gaztearen YouTube kanalean. Gainera, irrati bidez jarraitzeko aukera ere izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide