Eskualdeko bost herritan eskainiko dute Elbira Zipitria zumaiarrari buruzko dokumentala

Onintza Lete Arrieta 2023ko ots. 13a, 18:00

'Elbira' dokumentaleko pasarte bat.

Abenduan estreinatu zuten hezitzaile eta euskaltzale zumaiarrari buruzko Elbira filma, eta martxoan Aizarnazabalen, Azkoitian, Zarautzen eta Zumaian emango dute. Zestoan ere botako dute, baina eguna ez dute zehaztu oraindik.

Elbira Zipitria hezitzaile eta euskaltzale zumaiarrari buruzko Elbira dokumental fikzionatua abenduaren 26an estreinatu zuten Donostiako Kursaaleko auditorioan, Zipitria hil zela 40 urte bete ziren egun berean –1906an jaio zen Zumaian, eta 1982an hil, Donostian–. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako lana izan da, eta Baleuko ekoiztetxeak egin du.

"Aurreneko emanaldiaren arrakasta ikusita", dokumentala Gipuzkoako 36 udalerritan erakustea erabaki du aldundiak, tartean Urola Kosta eskualdeko bost herritan: Aizarnazabalen, Azkoitian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian. Martxoan izango dira emanaldiak guztiak, baina Zestoakoa zehazteke dute oraindik.

Aldundiak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Elbira filmak "hainbat adituren eta Zipitriaren gertuko kideen eskutik sakontzen du Zipitriaren bizitzako gertaeretan eta herriari egindako ekarpenean".

Eskualdeko emanaldiak

  • Aizarnazabal: Martxoak 10, ostirala. Tokia eta ordua zehazteko.
  • Azkoitia: Martxoak 8, asteazkena, 18:30ean Elkargunean.
  • Zarautz: Martxoak 9, osteguna. 20:00etan, Modelo aretoan.
  • Zestoa: Eguna zehazteko.
  • Zumaia: Martxoak 29, asteazkena. 18:30ean, Aita Mari zinema aretoan.

Dokumentalaren edukia

Iban Gonzalezek zuzendutako Elbira dokumentalak 65 minutuko iraupena du, eta Elbira Zipitriaren bizitzan eta jardunean sakontzen du gertutik ezagutu zuten pertsonak eta adituak bilakatuta protagonista eta haren istorioaren narratzaile.

Zipitriaren bizitzaren pasarte fikzionatuen laguntzaz, haren jatorria, konpromiso politikoa, Iparraldera ihesa, itzulera eta jarduna kontatzen dira filmean zehar. Honakoek parte hartu dute dokumentalean: Mari Karmen Mitxelena, andereñoa, Orixe ikastolako sortzailea eta Elbira Zipitriaren lagunak; Kontxita Beitia, andereñoa, Zurriola ikastolako sortzailea eta lagunak; Mari Karmen Garmendia, andereñoa eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohiak; Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak; eta Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe ikasle ohiek.

Argazkietan eta dokumentuetan oinarrituta, Zipitriaren bizitzako hainbat pasarte fikzionatu ditu dokumentalak: Iparraldeko egonaldia, Urgull mendira egiten zituen irteerak nahiz On Jose Miguel Barandiaranekin izan zuen harreman estua, besteak beste.

Aktoreei dagokienez, Teresa Lopez de Munainek egin du Zipitriaren papera, eta Oihana Maritorena, Egoitz Lasa eta Teresa Calo aktoreek ere parte hartu dute, besteak beste.

Dokumentala Baleukok egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, eta beste hainbat erakundek ere parte hartu dute: EiTBk, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Emakundek, BBK fundazioak eta Bermeoko eta Donostiako udalek, hain zuzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide