Ehunka zuhaitz landatu dituzte Azkoitian eta Orion

Andoni Elduaien 2023ko otsailaren 11

Azkoitian, Urola Bizirik natur taldeak antolatuta 200 zuhaitz landare landatu dituzte Munoaundiko lurretan. Orion, berriz, Herrio natur taldeak antolatuta Hondartza inguruan eta Anibarko portuan landatu dituzte zuhaitzak.

Gaur, larunbata, zuhaitzak landatu dituzte Azkoitian eta Orion. Urola Bizirik natur taldeak Azkoitiko Munoaundiko herri lurretan 200 landare inguru landatu ditu, eta Orion,  Herrio natur taldeak urteroko zuhaitzen landaketa egin du.

Azkoitian, Altamirako Baratze Parkeko hazitegian hazitako bertako zuhaitz landareak landatu ditu Urola Bizirik natur taldeak gaur, larunbata, Munoaundiko lurretan. Hogei lagunek parte hartu dute ekintzan, eta guztira, 200 zuhaitz landare landatu dituzte udalak Munoaundin utzitako herri lurretan.

Parte hartzaileak 09:00etan abiatu dira oinez Abaraxka aterpetxe paretik Munoaundira, eta behin hara iritsitakoan hasi dira zuhaitzak landatzen. Bertako basoa berreskuratzeko duten proiektuaren barruan egin dute gaur goizeko ekintza. Hain zuzen, Altamirako Baratze Parkean landatutako ezkurretatik sortutako landare haziak landatu dituzte, besteak beste, haritzak, pagoak, arteak eta gaztainak.

Orion, berriz, bi taldetan banatu dira batzuk Anibarko portu aldera joan dira, eta besteak, hondartza ingurura. Bi urteko umeetatik hasi eta adinduak arte zuhaitzak eta landareak belarretan sartzen ibili dira. Bi zuhaitz mota landatu dituzte: haritzak eta gaztainondoak. Halaber, landatutako zuhaixka guztiei emakume eta neska zientzialarien izenak jarri dizkiete, hain zuzen, haien nazioarteko eguna baita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide