Itxita izan diren eskualdeko mendate guztiak ireki dituzte

Julene Frantzesena 2023ko urtarrilaren 18a

Trafiko Zuzendaritzak 12:00ak aldean emandako datuen arabera, Urrakiko errepidea garbitu dute eta ibilgailu oro igaro daiteke handik. Goizean itxita izan bada ere, Azkarate ere zabalik da, eta Mandubian dagoeneko ez dute katerik behar autoek. Errepide horietan nahiz Elosuan, Meagan eta Bidanian kontuz gidatzea gomendatu dute.

Iragarrita zegoen moduan, elurra egin du bart Urola Kosta inguruko mendietan, mendateetan eta zenbait herritan. Elurra tarteko, baina, hainbat eragozpen sortu dira, batez ere, bigarren mailako errepideetan. Trafiko Zuzendaritzak 12:00ak aldean eguneratutako datuen arabera, hainbat dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan itxita jarraitzen duten mendateak, eta baina eskualdean itxita izan diren denak zabaldu dituzte dagoeneko. Horien artean da, adibidez, Urraki; errepidea garbituta, ibilgailu ororentzat dago irekita.

Azkarate ere itxita egon da hainbat orduz, baina dagoeneko zabalik dago. Mandubian, berriz, kateak behar izan dituzte goiz partean autoek, eta gainerako ibilgailuek ezin zuten handik igaro, baina garbitu dute mendateko errepidea, eta orain, edozein ibilgailurentzat dago zabalik. Dena den, bai Azkaraten, bai Mandubian tentuz gidatzea gomendatu du Trafiko Zuzendaritzak, baita Elosuan, Meagan, Andatzarraten, Itziarren eta Bidanian ere.

Errepideetako egoera Trafikoa.eus webgunean kontsulta daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide