Euriak ez du etenik izan azken orduetan, eta ondorioak ere utzi ditu horrek han eta hemen. Urola Kosta ere ez da salbuespena izan; izan ere, besteak beste, Zumaian eta Azkoitian luizi bana gertatu da, Azpeitian hainbat zuhaitz bota ditu haizeak, Zarautzen babes neurriak hartu dituzte Malekoiko hainbat lokaletan, kostako herrietan barrako eta hondartzako sarbideak itxi dituzte, Getarian hainbat teila erori dira eta Orion tren zerbitzua etenda izan da hainbat orduz zuhaitz bat erori delako.
Zumaian Pikote baserriaren inguruan izan zen lur jausia atzo gauean, eta bidea itxita dago. Antzerako zerbait gertatu da Azkoitiko Martirieta auzoan: Irisarri baserrirako bidea oztopatu du luiziak, nahiz eta auzorako bidea irekita dagoen. Udalak azaldu duenez, errepidea garbitzea dute orain lehentasuna.
Bestalde, Euskotren tren zerbitzua etenda izan da Orio eta Usurbil artean goizean. Izan ere, bide zati horretan zuhaitz bat erori da trenbidera, eta zerbitzua berrezarri bitartean, autobus zerbitzua eskaintzen aritu da Euskotren. Dena den, 11:15 aldean berrekin diote tren zerbitzuari.
Horiek dira eguraldiak eragin dituen ondorio nabarmenenak, baina ez bakarrak. Hain zuzen ere, Zarautzen, malekoiko hainbat lokaletan babes neurriak hartu dituzte, itsasoak eragin ditzakeen kalteak gutxitzeko asmoz. Kostako beste hainbat herritan ere hartu dituzte neurriak; Zumaian barra itxita dago, eta Orion hondartzako eskoilera ere bai.
Azpeitian, berriz, hainbat zuhaitz bota ditu haizeak, hala nola Izarraitz auzoan eta Loiolako bidegorrian. Getarian, berriz, San Roke kaleko eraikin batetik teilak erori dira, eta Suhiltzaileak izan dira han.
Aizarnazabalgo Udalak jakinarazi duenez, herrigunera sartzeko errepidean lur jausia izan da. GI-3031 errepidean eragin du luiziak, udalaren arabera, herrigunera bideko espaloian, eta espaloia guztiz itxita dago. Errepidea, berriz, zabalik da.