Amaitu da eskualdeko surflarien bidea Munduko Txapelketa Juniorrean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urtarrilaren 13a

Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarra eta Adur Amatriain zarauztarra garaile izan ziren 2021eko Europako Junior Txapelketan. (Junior Pro 40)

Adur Amatriain zarauztarrak eta Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarrak hartu dute parte Kalifornian jokatutako txapelketan eta final zortzirenetan kanporatu dituzte.

Kalifornian dira egunotan Adur Amatriain eta Janire Gonzalez-Etxabarri surflariak; izan ere, bertan jokatzen ari den WSL Junior Championships, Surfeko Munduko Junior Txapelketan aritu dira biak. Tamalez, ezin izan dute aurrera egin final zortzirenetara iritsi ondoren.

Biei ala biei aurkari gogorrak egokitu zaizkie eta ez diete kanporaketa gainditzeko zirrikiturik txikiena ere utzi. Jackson Bunch hawaiiarraren kontra aritu da Amatriain eta lan txukuna egin duen arren (12.04 puntu eman dizkiote epaileek bi olatu onenak batuta), ez da aski izan Bunchek bildutako 16.77 puntuak gainditzeko.

Gonzalez-Etxebarrik, berriz, Sawyer Lindblad estatubatuarra izan du kontrario, bere herrialdeko surflarien rankingeko liderra da, eta nagusitasunez gailendu zaio zumaiarrairi: 15.10 puntu egin ditu Gonzalez-Etxebarriren 10.33 puntuen aurrean.

Asteazkeneko saioa izan zen txukunena Urola Kostako bi surflarientzat, orduan lortu zituzten puntuaketa onenak: 15.33 bildu zituen Amatriainek eta 13.60 Gonzalez Etxabarrik. Gainera, astearteko lehenengo txandan hirugarrenerako sailkapena ezin lortu ondoren, hil ala biziko kanporaketak izan ziren asteazkeneko horiek eta gainditu egin zituzten.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide