Urte berria hastearekin batera, ohikoa izan ohi da norbere buruari erronkak jartzea. Askok kirola praktikatzeari lotuta zehaztu ohi dituzte helburuak, eta Urola Kosta eskualdean behintzat, aukera zabala izango dute lasterketaren batean edo bestean parte hartu nahi dutenek. Izan mendian, errepidean, txakurrarekin nahiz bizikletaz, askotariko probak izango dira udara bitartean eskualdean. Hona hemen horien gaineko xehetasunak.
Zumaiako Txakurkrosa
Zumaiako XI. Txakurkrosa jokatuko dute urtarrilaren 29an, igandez. 11:00etan abiatuko dira parte hartzaileak Victoriano Arrate etorbidetik, eta 8.300 metroko ibilbidea osatu beharko dute Basustako zelaietan barrena, herrigunean helmugaratuz. Urtarrilaren 26ra arte eman daiteke lasterketan izena, kronoak.com atarian. Federatuek 15 euro ordaindu beharko dute, eta federatu gabeek 18 euro.
Kobaz Koba Trail
Otsailaren 12an, igandez, jokatuko dute Kobaz Koba Trail mendi lasterketa, Zestoan. Arazi IKTk eta Agiro mendi klubak antolatu ohi dute lasterketa, Zestoako Udalaren laguntzarekin. Ohiko moduan, bi ibilbide izango ditu probak: 15 kilometroko Artzei bidea eta 25 kilometroko Zaldei bidea. Proba bakoitzean, 300 pertsonak parte hartu ahal izango dute.
Azaroan zabaldu zuten mendi lasterketan parte hartzeko izen ematea, eta berehala agortu ziren dortsal guztiak. Gainera, berehala bete zen itxaron zerrenda ere; hau da, guztira 600 pertsonak eman dute izena lasterketarako, eta beste ehun daude itxaron zerrendan.
Datorren edizioan "hobekuntzak eta berrikuntzak" izango direla aurreratu dute antolatzaileek, baina ibilbidea aurreko urteetako berbera izango da, eta irteera zein helmuga Zestoako plazan izango dituzte korrikalariek.
Aiako Mendi Lasterketa
Aiako Mendi Lasterketaren hamabigarren edizioa jokatuko dute martxoaren 5ean, igandez. Pagoetako parke naturalean egingo dute lasterketa, eta hamabost kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek. Aiako plazatik abiatuko da proba, 10:30ean, eta leku berean amaituko da. Guztira, 400 lagunek eman dezakete izena, kirolprobak.com helbidean, 18 euro ordainduta. Proban parte hartzeko, ezinbestekoa da 16 urte beteta izatea. Martxoaren 3a da izena emateko azken eguna.
Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia
Martxoaren 25ean, larunbatez, jokatuko dute 30. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Hirugarren urtez, World Athletics erakundeak ematen duen Road Race Label izeneko zigilua jaso du probak. Diego Garciaren oroimenezko lasterketa mundu mailako proba onenen egutegian da, beraz, aurten ere.
Lasterketak "erakunde ofizial guztietako neurriak" betetzen dituela egiaztatzen du Road Race Labelek; besteak beste, maratoi erdian lortutako markak nazioartean homologatuta egotea bermatzen du horrek. Gainera, Azkoitia-Azpeitiaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, zigilua eskuratu duen Euskal Herriko lasterketa bakarrenetarikoa da.
Hil honetan bertan zabalduko dute proban izena emateko epea, eta aurtengo lasterketaren leloa ere horrekin batera aurkeztuko dute.
Pagoeta Mendi Lasterketa
Apirilaren 30ean, igandez, jokatuko dute Pagoeta Mendi Lasterketa, Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolak antolatuta. Probaren hemezortzigarren edizioa izango da aurtengoa. Ohi bezala, lasterketa luzea eta mistoa –neska-mutilez osatutako bikoteka egin behar da– izango dira aukeran; lehenak 21 kilometroko ibilbidea du, eta bigarrenak zortzi kilometrokoa. 09:45ean hasiko da lasterketa, Zarauzko herrigunetik. Kronoak.com helbidean eman daiteke izena; lasterketa luzean parte hartzeko, 21 euro ordaindu behar da, eta mistoan izena emateko, 20 euro.
Domusa Teknik 40 MLK
Maiatzaren 6an, larunbatez, jokatuko dute Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren bigarrren edizioa, Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta eta Domusa Teknikek babestuta. Proba Azpeitian hasi eta amaituko den arren, inguruko hainbat herri ere zeharkatuko ditu: Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama. 65 kilometroko distantzia eta 3.700 metroko desnibel positiboa dituen ibilbidea osatu beharko dute partaideek, 08:00etan Azpeitiko plazatik abiatuta.
Azaroaren 16an zabaldu zuten mendi lasterketan izena emateko epea, eta ziztu bizian agortu ziren dortsal guztiak. Hain zuzen ere, 18:00etan zabaldu zuten izen ematea, eta bi ordu eta erdian agortu ziren 550 dortsalak. Dena den, itxaron zerrendan daude hainbat kirolari, eta urtarrilaren 6an hasi ziren zerrenda hori eguneratzen. Aurtengoan, gainera, Euskal Mendizale Federazioaren Euskadiko Ultra Kopako proba izango da Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa.
Talai Mendi Trail
Talai Mendi elkarteak ireki du Orioko III. Talai Mendi Trail lasterketan izena emateko epea. Maiatzaren 20an, larunbatez, jokatuko dute proba, eta berrikuntza gisa, arratsaldean izango da hitzordua, 17:30ean hasita. Hamalau kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek. Maiatzaren 15era bitartean dago izena emateko aukera, kronoak.com atarian, 19 euro ordainduta.
Haimar Zubeldia Klasikoa
Maiatzaren 21ean, igandez, jokatuko dute Haimar Zubeldia Klasikoa, Zarautzen. 150 kilometroko txirrindularitza proba izango da, eta 08:00etan abiatuko dira parte hartzaileak. Urtarrilaren 30ean zabalduko dute proban izena emateko epea, kirolprobak.com atarian.
Zarauzko Triatloia
Ekainaren 10ean, larunbatez, jokatuko dute Zarauzko Triatloia. 1987az geroztik egiten den distantzia erdiko triatloia da Zarauzkoa. Parte hartzaileek 2,9 kilometro egin beharko dituzte igerian, 80 kilometro bizikletaz eta hogei korrika. Azaroan zabaldu zuten proban izena emateko epea, eta dagoeneko itxi dute izen ematea. Guztira, 750 triatleta elkartuko ditu probak.
Ehunmilak
Uztailaren 7an, 8an eta 9an jokatuko dute Ehunmilak ultra traila, eta Azkoitia, Azpeitia nahiz Errezil zeharkatuko ditu proba horrek. Lasterketa horrekin batera antolatzen diren Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi probetarako –ez dira eskualdetik igarotzen– dortsal guztiak denbora gutxian agortu ziren, baina Ehunmilak lasterketarako dortsalak eskuragarri daude oraindik. 168 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek, eta rochthesport.com webgunean eman behar da izena.