Mitsuko Uchidak urtarrilaren 13an Kursaalen eskainiko duen piano kontzertura doako autobusean joateko aukera izango dute Urola Kostako herritarrek. Azkoititik, Azpeititik, Getariatik, Oriotik, Zarauztik, Zestoatik eta Zumaiatik eskainiko dute zerbitzua, eta interesdunek hilaren 9a baino lehen erreserbatu beharko dute eserlekua. Horretarako, sarrera erosita izan beharko dute aurrez, eta Kursaaleko webgunean egin dezakete hori. Autobuserako erreserbak, berriz, tokian tokiko udalen edo eragileen bitartez egin beharko dituzte haiek ahalbidetu dituzten helbide elektronikoetara edo telefono zenbakietara deituta:
- Azkoitia: kultu@azkoitia.eus edo 943-85 71 70.
- Azpeitia: kultura@azpeitia.eus edo 943-15 70 68.
- Getaria: info@getariaturismo.eus edo 943-14 09 57.
- Orio: orioturismo@gmail.com edo 943-83 55 65.
- Zestoa: kultura@zestoa.eus edo 943-14 70 10 (luzapena: 8) edo 688 73 56 52.
- Zarautz: kultura@zarautz.eus edo 943-00 51 20.
- Zumaia: alondegia@zumaia.eus edo 943 861056.
Emanaldian, piano jotzaile japoniarrak Mahler Chamber Orchestra izango du lagun Kursaaleko oholtza gainean eta honakoa izango da joko duten errepertorioa: Mozarten pianorako 25. kontzertua, Schoenbergen 1. Ganbera Sinfonia eta Mozarten pianorako 27. kontzertua. 20:00etan hasiko da kontzertua eta doako autobusa 18:40ean abiatuko da Zumaiako zineko autobus geltokia, 18:50ean egingo du geldialdia Getariako autobus geltokian, 19:00etan Zarauzko Batzoki aurrean eta 19:10ean Orioko autobus geltokian. Azkoititik, berriz, 18:30ean aterako da autobusa, Julio Urkixo kaleko geltokitik; 18:45ean pasatuko da Azpeitiko anbulatorioaren aurreko geltokitik; eta 19:00etan, Zestoako GI-631 errepideko geralekutik.
Zerbitzua antolatu duen Kursaalak zehaztu du eskaintza bertan behera utziko duela gutxienez hamabost laguneko talde osatzen ez bada. Langabeek eta 30 urtetik beherako gazteek kontzerturako sarrerak hiru euroan eskuratu ahal izango dituzte, autobusarekin bezalaxe, erreserba eginda. Emanaldiaren egunean bertan jasoko lukete sarrera Kursaaleko leihatilan eta libre geratu diren eserlekuen araberakoa izango da kokapena. Autobusa bertan behera geratuz gero, dirua itzuliko liekete horiei.