2022. urteak askotariko albisteak utzi ditu herrian; batzuk onak, besteak txarrak. Eta horien guztien berri eman du Urolakosta.hitza.eus-ek joan berri den urtean ere. Askotariko albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Urola Kostako Hitzak 2022an ere. Guztira, 4.657 albiste argitaratu ziren webgunean iaz, ia hamabiru albiste egunean batez beste –12,7 albiste–.
2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 404.699 bisita izan ditu Urolakosta.hitza.eus-ek. Google Analytics neurgailuak emandako datua da hori. Egunean, batez beste, 1.108 bisita izan ditu webguneak. Bestalde, aipatzekoa da irakurleek webgunean zabaldutako orri kopurua ere: 2022an, orotara, 865.407 orri ireki zituzten horiek, eta egunean, batez beste, 2.370 orri.
Bestalde, erabiltzaile bakoitzak, batez beste, minutu eta erdi pasa igaro zuen Urolakosta.hitza.eus-era egindako bisita bakoitzean.
Azken urteetako joera berretsi egin da 2022an ere: Interneteko edukiak eskuko telefonotik irakurtzeko ohitura areagotu egin da beste urte batez. Hala, erabiltzaileen %67k eskuko telefonoa erabili dute webgune hau irakurtzeko. Ordenagailutik bisitarien %31 sartu dira webgunera, eta tabletetatik, berriz, %1,7.
Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabide digitalen datuak izugarriak izan dira 2022an. Taldearen webguneetan albiste ugari argitaratu ziren iaz, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten erabiltzaileak. Hain zuzen ere, taldea osatzen duten sei webguneek –Uztarria, Maxixatzen, Baleike, Karkara, Zarauzko Hitza eta Urola Kostako Hitza– 9.174.112 bisita izan zituzten iaz, 2021ean baino 518.784 bisita gehiago.