Trakatan-trakatan... Hemen dira Errege Magoak

Aitziber Arzallus 2023ko urtarrilaren 3a

Errege Magoak, iaz, Azkoitian. (Andoni Elduaien)

Meltxorri, Gasparri eta Baltasarri harrera egiteko, etzi arratsalderako kabalkada jendetsuak antolatu dituzte eskualdeko herri gehienetan. Aurrez, gutunak jasotzen ariko dira haien laguntzaileak eta Bizarzuri. 

Pandemia atzean utzita, neurri murriztailerik gabeko Gabonak ospatzeko aukera izan dute herritarrek, eta Errege Magoei eta haien laguntzaileei ere halaxe egin ahalko diete ongi etorria. Ostiral goizaldean etxeetan opariak utzi baino lehen, Urola Kostako herri gehienetan izango dira pajeak edo Bizarzuri haurren gutunak jasotzen, eta baita Meltxor, Gaspar eta Baltasar ere etxeko txikienen beroa jasotzen.

  • Aia

Ostegun eguerdian, 13:00 aldera, Erregeen postaria probalekuan izango da haurren eskutitzak jasotzen. Errege Magoak, berriz, arratsaldean iritsiko dira, 19:00etan, eta plazan egingo dute geldialdia. Sorpresak egongo direla aurreratu dute antolatzaileek.  

  • Aizarnazabal

Etzi, 18:30ean hasita, Errege Magoen kabalkada egingo dute herrian barrena, pilotalekuraino. Ekitalditxoa egingo dute han, eta 9 urtera arteko herriko umeei opariak emango dizkiete.

  • Azkoitia

Etzi, 16:30etik aurrera, Errege Magoen pajeek herriko haurren eskutitzak jasoko dituzte eliz atarian. Ondoren, 19:30ean Santa Klaratik abiatuta, Errege Magoek desfilea egingo dute. Plazaberri gurutzatuko dute lehenik, eta eliz ataritik igaro ondoren, udaletxeko plazan egingo dute geldialdia. Kale Nagusian gora joango dira gero, eta San Martin eta Ibaiondo kaleetatik barrena, eliz atarian amaituko dute kabalkada.

  • Azpeitia

Errege Magoen laguntzaileak bihar ariko dira umeen gutunak jasotzen, 17:30etik aurrera, Sanagustinpean. Erregeak, berriz, etzi iritsiko dira herrira. Aurrena, 17:00etan, Lasaoko haurrak agurtuko dituzte, eta ondoren, txu-txuan trenean etorriko dira parroki atarira; 17:30 aldera izango da hori. Han zain dituzten herritarrak agurtu ostean, parrokia barrura sartuko dira jaiotza ikustera, eta atseden hartzera eta kabalkadarako prestatzera joango dira gero. Kabalkada 19:00etan hasiko da igerileku paretik, eta ohi bezala, Errege Magoek herriko ikastetxeetako ikasleak izango dituzte bidelagun ibilbidean. 20:00 aldean iritsiko dira plazara, eta udaletxeko balkoitik agurtuko dituzte herritarrak.

  • Getaria

Bizarzurik jasoko ditu Errege Magoentzako eskutitzak,  bihar, 18:30etatik aurrera, herriko plazan. Erregeak, berriz, etzi iritsiko dira, 18:30 aldera, San Anton menditik behera. Moila zeharkatuko dute aurrena, Kale Nagusitik barrena Elkanoren monumenturainoko bidea egingo dute jarraian, eta Erodesen gaztelua irudikatuko dute. Gero, udaletxe aurrera joango dira, jaiotza biziduna egongo delako han. Ekitaldi txiki bat egingo dute eta Errege Magoek abestu egingo dute.

  • Orio

Etzi, 18:00 aldera iritsiko dira Errege Magoak, zubitik barrena. Ordurako zain izango dituzte herriko haurrak, eta han emango diote hasiera kabalkadari. Herrian barrena, Karela kiroldegiraino joango dira denak, han egingo baitute geldialdia.

  • Zarautz

Bihar, Errege Magoen postariak haurren gutunak jasoko ditu Lege Zaharren enparantzan, 17:00etatik aurrera. Euria egingo balu, gaztelekuan izango da ekitaldia. Errege Magoen desfilea, berriz, etzi arratsaldean izango da. 18:30ean abiatuko dira Bizkaia kaletik, eta herrian barrena itzulia egin ostean, Lege Zaharren enparantzan egingo dute geldialdia.

  • Zestoa

Etzi, 18:30 aldera, Akoatik behera iritsiko dira Errege Magoak eta pajeak. Aurrena, San Juan egoitzan geldialdia egingo dute, eta ondoren, kabalkada egingo dute herrian barrena, udal bandak lagunduta. Elizan bukatuko dute desfilea eta han jasoko dituzte umeen eskutitzak.

Arroabera trenez iritsiko dira Errege Magoak etzi, 18:30ean, eta tren geltokitik hasiko da kabalkada. Haientzako gutunak, berriz, bihar eta etzi 16:00etatik 19:00etara eliz atarian egongo den postontzian utzi ahal izango dituzte herritarrek.  

  • Zumaia

Errege Magoen laguntzaileak Beheko plazan egongo dira bihar, 18:30etik aurrera, haurren gutunak jasotzen. Errege Magoak, berriz, itsasontziz iritsiko dira etzi, 18:30ean. Itsas kiroldegitik abiatuta, kabalkada egingo dute herrian zehar. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide