Bilboko hilketa matxista gaitzetsi dute gaur Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan

Andoni Elduaien 2022ko abenduaren 29a

Azpeitian plazan elkartu dira dozenaka herritar hilketa gaitzesteko. (Argazkia: Urola Erdiko Itaia)

Azkoitiko Udalak deituta, goizean egin dute han elkarretaratzea. Urola Erdiko Itaiak, berriz, arratsaldean egin ditu elkarretaratzeak Azpeitian eta Zestoan. Bilbon jazotako indarkeria matxista gaitzetsi eta salatu dute hiru herrietan. 

Bilboko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte gaur Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Azkoitian, eguerdian egin dute elkarretaratzea udalak deituta, eta hainbat herritarrek egin dute bat erakundeak egindako deialdiarekin. Azkoitiko erakundeak "irmoki" gaitzetsi du gertakaria. 

44 urteko gizonezko batek 45 urteko emakume bat hil zuen astearte gauean Bilboko San Frantzisko auzoko taberna batean. Atzo, 09:00etan, ustezko hiltzaileak berak deitu die udaltzainei, eta atxilotu egin dute. Albiste agentziek emandako informazioaren arabera, gizona hildakoaren senarra da, baina Ertzaintzak ohartarazi du oraindik ez dakitela zein den biktimaren eta hiltzailearen arteko harremana. 

Azpeitian eta Zestoan, berriz, Urola Erdiko Itaiak deitutako elkarretaratzeak egin dituzte arratsaldean, eta bi herrietan ere "gogor" salatu dute hilketa. Era berean, Itaiak jakinarazi du beste emakume trans bat ere eraila izan dela Bizkaian. Urola Erdiko Itaiak "babes osoa" adierazi die eraildako emakumeen familiei eta ingurukoei. "Emakume langileon aurkako erasoak eguneroko ogia dira bizi dugun errealitate sozialean, eta horrela berresten du azken eraso honek zein gure egunerokoan albiste diren beste hainbatek. Burgesiak ezinbestekotzat du indarkeria matxista bere boterea mantentzeko eta estatu aparatuek beraien interesetarako konfiguratzen dituzte biolentza forma hauek", adierazi dute Itaiako kideek plazan.

Feminismoak politika instituzionaletan hartu duen presentzia "aipatzekoa" da antolakunde sozialistarentzat, baina hori "aurpegi garbiketa egiteko eta etekin ekonomikoak bermatzeko tresna" bilkatu dutela esan dute. "Emakume langileok ez dugu inolako babes sozialik, politikorik edo juridikorik eraso matxisten aurrean". Urola Erdiko Itaiak "beharrezkotzat" jo du erasoen aurrean "erantzun eraginkorrak gauzatzea", horretarako "erasotzaileak seinalatuz" eta erasotutako emakumeak babesteko "beharrezko antolakuntza bitartekoak garatuz". Halaber, "indarkeria betikotzen duen egiturazko oinarria borrokatzea ezinbestekoa" da Itaiarentzat. "Gizarte kapitalista gainditu eta indarkeria matxistak lekurik izango ez duten gizarte komunista eraikitzera begira kokatzen dugu gure jarduna". Urola Erdiko Itaiak "bide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa" adierazi du. 

Azkoitian udalak deitutako elkarretaratzea egin dute. (Andoni Elduaien)

Urola Erdiko Itaiak Zestoan egin duen elkarretaratzea. (Urola Erdiko Itaia)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide