Harri-jasotze eta aizkora finalak jokatuko dituzte bihar Asteasun eskualdeko zazpi herri kirolarik

Andoni Elduaien 2022ko abenduaren 30a

Ezkerrean, Txikia IV.a, eta eskuinean, Goenatxo III.a.

Bihar, larunbata, Asteasuko (Gipuzkoa) Usarrabi pilotalekuan jokatuko dituzte finalak eskualdeko zazpi herri kirolarik. Urrezko Aizkolarien Kopako Txapelketaren finala jokatuko dute Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak eta Mikel Larrañaga azpeitiarrak. Binakako Harri-jasotze Txapelketa jokatuko dute, bestalde, Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarrak eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a aiarrak, Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilagunak eta Xabat Olaizola zarauztarrak eta Aimar Galarraga oriotarrak eta Pablo Azpiazuk. 17:00etan hasiko da lehia Asteasuko frontoian.

Urola Kosta eskualdeko sei herri kirolarik finalekin itxiko dute 2022. urtea. Bihar, abenduak 31, Asteasuko (Gipuzkoa) Usarrabi pilotalekuak hartuko ditu Urrezko Aizkolarien Kopako Txapelketaren, Binakako Harri-jasotze Txapelketaren eta Emakumeen Lau Kiroletako Herri Kirol Txapelketaren finala.

Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarrak eta Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak jokatuko dute Urrezko Aizkolarien Kopako Txapelketaren finala; Hodei Ezpeleta da finalean arituko den hirugarren aizkolaria. Aizkolariek hamabi kanaerdiko ebaki beharko dituzte finalean, hau da, 54 ontzako dozena bat egur.

Binakako Harri-jasotze Txapelketaren finalean, ostera, eskualdeko bost harri-jasotzaile arituko dira: Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a aiarra, Xabat Olaizola zarauztarra eta Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna eta Aimar Galarraga; Orioko harri-jasotzaileak Pablo Azpiazurekin osatuko du bikotea.

Sei harri-jasotzaileek hainbat lan egin beharko dituzte Asteasun. Hasteko, 175 kiloko harri errektangularrarekin hiru minutuko lana osatu beharko du bikoteko kide batek. Segidan, 100 kiloko harri zilindroarekin beste hiru minutuko lana egin beharko du beste bikotekideak. Lan horren ostean, txanda librean arituko dira harri-jasotzaileak 125 kiloko kubikoarekin, eta amaitzeko, txanda librean 100 kiloko bolarekin egin beharko dute lana. Sorbalda gainera kilo gehien altxatzen dituen bikoteak jantziko du txapela.

Emakumeen Lau Kiroletako Herri Kirol Txapelketaren finalean, aldiz, Txindoki eta Larrun taldeak lehiatuko dira. Ainitze Zumetak, Udane Ostolazak, Lierni Osak eta Nerea Arrutik osatzen dute Txindoki taldea, eta Larrun taldea, Xanta Sousak, Patricia Martinek, Nerea Sorondok eta Maika Ariztegik. Txingetan, harri jasotzen, aizkoran eta ingudea altxatzen onenak zein diren ebatziko dute finalean; lanak azkarren amaitzen dituen taldeak jantziko du txapela. Proba batetik besterako tartean, gainera, Xabi eta Kristina Solanok trikiti doinuak eskainiko dituzte pilotalekuan. Egun osoan zehar, berriz, Gesaltzako txarangak girotuko ditu Asteasuko kaleak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide