Osasun publikoaren alde elkarretaratzeak egin dituzte eskualdeko herri handienetan

Erredakzioa 2022ko abenduaren 22a

Zarauzko anbulatorio aurrean gaur eguerdian egin duten protestako une bat. (Jabi Gonzalez Toston)

Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian hainbat osasun profesional eta herritar elkarretaratu dira gaur eguerdian Osakidetza indartzeko aldarrikatuz.

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, osasun publikoaren aldeko elkarretaratzeak egin dituzte herritarrek eta osasun langileek Hego Euskal Herriko hainbat txokotan, baita eskualdean ere. Urola Kostako herri handienetan egin dituzte bilkurak; Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian, hain zuzen.

13:00etan izan dira elkarretaratzeak, eta herri batzuetan bat egin dute pentsiodun eta jubilatuen elkarteek; Azpeitian eta Zarautzen, kasu.

AZKOITIA

13:00etan egin dute Azkoitian ere elkarretaratzea langileek eta herritarrek. (Andoni Elduaien)

Azkoitiko anbulatorioko osasun langileek Osakidetza defenda dezagun. Stop inposizioari lelopean elkarretaratzea egin dute gaur, eta hainbat herritarrek egin dute bat osasun langileen eskaerekin. EH Bilduko bi zinegotzi ere han izan dira

AZPEITIA

Hainbat lagun elkartu da Azpeitiko anbulatorio aurrean. (Nerea Uranga)

Herritar ugari elkartu dira anbulatorioaren aurrean 13:00etan, eta elkarretaratzearekin bat egin du Baigera jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak ere. Osasun etxearen aurrean izan diren herritarrek hainbat lelo oihukatu dituzte, hala nola "Osakidetza indartu" eta "lehen arreta defenda dezagun".

ZARAUTZ

Zarauzko elkarretaratzeko une bat. (Jabi Gonzalez Toston)

Zarautzen ere sindikatuen deiarekin bat egin du hainbat osasun langilek eta herriko pentsiodun eta jubilatuen elkarteak, eta hainbat pertsona elkartu da anbulatorio aurrean, kartelak eskuetan.

ZUMAIA

Zumaian eguerdian osasun zentroaren atarian egin duten protestaren une bat. (Juan Luis Romatet)

Zumaiako osasun zentroaren aurrean bildu dira eguerdi partean bertako langileak, baita elkarretaratzearekin bat egin duten zenbait herritar ere. Negoziazioa eskatzeko eta osasun publikoa babesteko helburuekin egin dute kontzentrazioa. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide