Futbolean, arraunean, piraguismoan, triatloian... Kirol mota guztietan maila handia erakutsi dute lurraldeko kirolariek, eta egindako lana saritu nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak urte bukaerarekin batera egindako ekitaldian. Sari horiek emateko Kirolgala egin zuten atzo iluntzean Donostiako Tabakaleran.
Eskualdeko kirolariak protagonistak izan dira urtean zehar, eta ez ziren falta izan atzoko ekitaldian. Hala, Orioko emakumeen traineruak, Mikel Lopetegi Urra harri jasotzaile zarauztarrak, Irati Idiakez kirol egokituko eskiatzaile getariarrak, Helene Alberdi triatletak, Irati Osa piraguistak eta Annete Gonzalez-Etxabarri, azken hiru hauek zumaiarrak, jaso zituzten atzo sariak.
Super Amara Bera Bera eskubaloi taldea eta Espainiako selekzioarekin 20 urtez azpikoen munduko futbol txapelketa irabazi zuten Realeko jokalariak ere saritu ditu aldundiak. Talde horietan ere aurki daitezke eskualdeko kirolariak: 2021-2022 eskubaloi liga irabazi zuen talde donostiarreko jokalaria eta kapitaina da Alba Menendez zarauztarra, eta Realeko jokalari eta munduko txapeldun Mirari Uria azpeitiarra.